"Emakumeen aurkako indarkeria arazo larria da gaur egun eta guztioi dagokigu horren aurka borrokatzea"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko ira. 20a, 15:39

Azpeitiko Gaztetxeak joan zen asteazkenean Uztaritzen hilik agertu zen Melodie Masse gaztearen hilketa salatu du. Hona hemen, Gaztetxean kaleratu duen gutuna:

Idatzi honen bitartez joan den asteazkenean Uztaritzen gertatu zen Melodie Maseen hilketa matxista salatu nahi dugu. Horren aurrean, ezinbestekoa iruditzen zaigu, salaketaz gain, familiari eta lagunei gure elkartasun osoa ematea. Emakumeen aurkako indarkeria arazo larria da gaur egun eta guztioi dagokigu horren aurka borrokatzea.

Zoritxarrez, hilketa matxista hau ez da lehena izan gure inguruan eta badakigu ez dela azkena izango. Kasu hauek ez dira gertakizun isolatu batzuk, bere kausa egitura sozioekonomiko konkretu batean aurkitzen dutelako. Beraz, ezin ditugu emakumeen aurkako indarkeria kasuak bere partzialtasunean edo abstrakzioan ulertu, gainontzeko zapalkuntza konkretuek bezala, genero zapalkuntzak botere modalitate jakin bat indartzeko funtzioa betetzen duelako gure gizartean: botere burgesa. Marko kapitalistaren barruan, esplotazioak (klase menderakuntzak) etengabe determinatzen ditu zapalkuntza konkretu ezberdinak (horien artean genero zapalkuntza). Horrek esan nahi du genero zapalkuntza erreproduzitzen duen printzipioa kapitala dela, hau da, kapitala bera dela zapalkuntza guztien printzipioa edo kausa. Horrela, botere burgesa genero zapalkuntzaz probesten da bere agintea imposatzeko gizarte ososan, eta horrek emakume langilearen zapalkuntza bikoitza du ondorio gisa: alde batetik, genero zapalkuntza patriarkarra jasaten duelako (hilketa matxistak, gutxiespen soziala, etab.) eta bestetik, genero zapalkuntza kapitalista (kapitalaren esentzian dagoen zapalkuntza). Bigarrenak lehena moldatzen du bere beharrizanen arabera, eta bigarrenak lehena babestu eta indartzen du. izan ere, zapalkuntza guztiek indarrean dagoen ekoizpen sistema eta botere modalitatea babesten eta indartzen dute.

Beraz, ezinbestekoa da hilketa matxista eta horrelako zapalkuntza adierazpenen aurka borrokatzea, hauek zuzenean emakume langilearen eta zeharka desjabetu guztion miseria besterik ez dutelako ekartzen, baina, aldi berean, ezinbestekoa da zapalkuntza honen kausa zein den identifikatzea eta borrokatzea. Kapitala da instantzia determinante, eta marko honen barruan ez dira genero zapalkuntza gainditzeko baldintzak ematen; soilik klase borrokaren bitartez jarri daitezke zapalkuntzarik gabeko bizi eredu libre bat eratzeko baldintzak.

Borroka dezagun zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde!

Emakumeen aurkako indarkeriarik ez!