Munduko txoko ezberdinetako doinuak iritsiko dira hilaren 8an Gaztetxera

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko ira. 1a, 16:30

Ostirala girotzeko, Antiligent, Uther, Magia Ultravioleta eta Screamers And Sinners taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara, 22:00etan hasita. Kasik eta Legen Beltza taldeetan aritutako hainbat azpeitiar oholtzara igoko dira Gaztetxera hurbilduko diren talde horietako batzuekin. 

Ikasturte berria gogotsu hasteko, irailaren 8an munduko leku ezberdinetako lau talde izango dira bisitan Gaztetxean. 22:00etan hasita, Gaztetxeko oholtzara igoko dira Antiligent, Üther, Magia Ultravioleta eta Screamers And Sinners taldeak.

Antiligent Berlingo HC/Punk taldea da, eta hiru kontzertu eskaintzera dator lehen aldiz Euskal Herrira. Taldeko partaide batzuk aurrez izan dira gaztetxeko oholtzaren gainean beren doinuak aireratzen. Legen Beltza taldeko bateria den Iban Hernandez azpeitiarrak jotzen du Antiligent taldean, besteak beste. Honako loturan entzun daiteke taldearen abesti bat.

Uther taldea bi azpeitiarrek eta Ondarruko lagun baten artean sortutako 'fastcore' taldea da. Kasik, Issuna ta 4 pelau taldeetan aritutako musikariek jotzen dute bertan. Orain dela gutxi grabatu dute beren aurreneko lana, eta hemen jarri dute entzungai bost kanturekin osatutako aurrerapena.

Magia Ultravioleta da gaztetxera bertaratuko den taldeetako beste bat. Buenos Airesetik (Argentina) datorren bikote honek, rock alternatibo doinuak ekarriko dituzte. Talde honek Euskal Herrian kontzertu bat eskainiko duten aurreneko aldia izango da hilaren 8koa, eta indartsu iritsiko dira, beren emanaldiarekin entzuleak gozarazteko. Magia Ultravioletak pare bat disko ditu entzungai, eta eskuragarri daude hemen

Screamers And Sinners Arrasate aldetik datorren laukotea da, eta berekin psychobilly doinuak eramango dituzte Gaztetxera. Bi disko atera dituzte dagoeneko, eta dagoeneko hurrengoa ateratzeko lanean dabiltza. Euskal Herriko oholtza askotan izatean gain, Espainiako jaialdietan eta Frantziako zein Alemaniako jaialdietan eskaini izan dituzte kontzertuak. Honako loturan aurrerapen txiki bat. 

Beraz, gorde data, irailaren 8a. Ea guztion artean ikasturte berri honi hasiera on bat ematen diogun eta erritmo onarekin jarraitzen dugun urte osoan zehar. Zuen zain egongo gara.