Azpeitiko gazteriaren diagnosia

Erabiltzailearen aurpegia Gaztetxie 2006ko mar. 22a, 18:03

Otsailaren 18an Azpeitiko gazteok oinarri bat ezarri genuen, eta oinarri horren emaitza da Azpeitiko gazteriaren diagnosia. Gaztetxetik gazteon arazoak lantzeko konpromisoa eta gogoa azaldu zen, eta horrela lan talde bat jarrri zen martxan berau lantzeko. Berau lantzeko orduan, lehenik eta behin egoeraren azterketa bat egin beharra zegoela ikusi zen. Horrela, hainbat gai ezberdin hautatu ziren : kultura, musika, euskara, feminismoa, etxebizitzak, lan baldintzak, proiektu txikitzaileak, errepresioa, festa herrikoiak, komunikazioa eta gazte asanbladak eta gaztetxeak. Azterketa honetan ahalik eta gazte gehienen parte hartzea ezinbestekoa ikusten zen diagnosiak berak ahalik eta oinarri sendoena izan zezan.

Otsailak 18 bitarte hitzaldi ziklo bat antolatu zen bertan aurrez aipatu diren gai guztiak jorratu zirelarik. Hitzaldi hauetan, bakoitzean 20 bat lagun izan ziren batazbeste. Gai bakoitzean hitzegindakoaren arabera ondorio batzuk jaso ziren, eta ondorio hauetatik abiatuz 18ko goizean 60 gazteren partehartzearen bidez diagnosia osatu genuen.



Behin diagnosia eskuetan dugula, bere lanketa nola egin eztabaidatzea bakarrik falta zaigu. Horrela, martxoak 24 ostirala iluntzeko 9:30etan egingo den batzarra izango da diagnosiaren lanketaren abiapuntua. Bertan, lehenik eta behin diagnosiaren onartzea egingo da eta ondoren bere lanketa eztabaidatuko da: arazo garrantzitsuenen identifikazioa, berauen lanketa nola egin (egin behar bada), gai ezberdinen lanketa urteko plangintzaren arabera,...

Besterik gabe, ostiralean egingo den batzarrerako deialdia luzatzen dugu, diagnosia egiterako orduan bezalaxe gazte ezberdinen partehartzeak sendotasuna eta aberastasuna emango baitio lanketari ere.