Gazteok ere M29an Greba Orokorra

Erabiltzailearen aurpegia Gazte Independentistak 2012ko mar. 27a, 01:25

Martxoaren 29an gehiengo sindikalak deituta Greba Orokorra izango dugu Hego Euskal Herrian.

Krisia dela eta azken urteetan gobernu eta instituzioek hartu duten norabideak, langileon mende oso bateko lorpenak pikutara bidaltzen ari dira banan banan. Merkatuei men egin diete gure agintari politikoek. Demokrazian jaio eta bizi garen gazteria omen gara. Gure gurasoak Frankoren diktadurapean bizi izan ziren eta gu merkatuen diktaduran bizi gara. Zer aldatu da ba beraz?

Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreformak gazteon egoera prekarioa are gehiago larriagotuko du. Felipe Gonzalezen gobernuak onartutako lan erreformetan are gehiago sakontzen du honek, prekarietatea betikotuz. Formakuntza kontratuarekin egon ahal izango gara 33 urtera arte, 500 euroko pobrezia soldatarekin eta edozein unetan kaleratuak izateko arriskuarekin indemnizazio miserable baten truk. Ekintzaileen kontratu gisa ezagutzera eman dutena ere gure eskubideei zaplasteko galanta da. Urtebeteko proba epea jartzeaz gain edozein unetan kaleratuak izan gaitezke inongo ordainik gabe. Gainera gure kotizaziotik gure soldata osatzea eskaintzeko besteko aurpegi gogorra izan dute.

Patronalak eta gobernuak aitortu duten bezala, erreforma honek ez du enplegurik sortuko, ezta epe luzean ere. Suntsitu egingo du. Gazteok eta ondorengo belaunaldiok ez dugu enplegu egonkorrik ezagutuko. Horrek bizi proiektu duin eta independentea garatu ahal izatea ezinezko bilakatzen du. Gainera kontuan izan behar da, murrizketa politiken ondorioz, emantzipaziorako eta oinarrizko errenta bermatzeko diru sarrerak nabarmen murriztu direla. Egoerak okerrera egin lezake gainera.

Gazteriaren egoera latza ez da hor amaitzen ordea. Gaur egun Hego Euskal Herrian, langabeen %28 gazteak gara eta gehienei langabezia saria amaitzen ari zaie. Etorkizun beltza datorkigu, pobrezia eta miseria.

Krisi hau ez da ordea, beste krisi bat. Krisi sistemikoa da. Kapitalismoa jasangaitza da baina benetako alternatiba jasangarria sustatu ordez, kapitalismoa berriz formulatzen dabil elite ekonomikoa euren interesen mesedetan, gainerako herritar guztion bizkar. Euren eta gure interesak bateraezinak dira, beraz, ez dago erdibideko irtenbiderik.

Aldaketa integrala behar dugu. Gazteok independentzia behar dugu gure bizi proiektu duina garatu ahal izateko eta independentzia behar dugu politika ekonomiko eta sozialak gure beharren arabera kudeatzeko, herritarron esku izateko. Bizi eredua bera da aldatu beharrekoa, bizi eredu orekatua eraikitzeko eta hori gure ustez Sozialismoa da. Oreka aberastasunaren banaketan eta lanean. Baina oreka era berean ama lurrarekin, gainerako kulturekin eta komunitateekin, giza harremanetan.

Azpeitiko gazte independentistok dei egiten diogu herriko gazteriari, langile, ikasle zein langabetu, Greba Orokorrean parte hartzera. Mobilizatuz eta botereari aurre eginez, borrokatuz soilik babestuko eta eskuratuko ditugu gure eskubideak. Greba hau gazteria antolatzen eta mobilizatzen hasteko tresna izan dadila.

Hona hemen Azpeitian (eta Donostian) egingo diren mobilizazioak:

-Auto karabana: 07:15ean polikiroldegian

-Manifestazioa: 09:30ean plazan

-Manifestazioa (Donostian): 11:45ean Antiguon

-Manifestazioa: 18:00etan plazan