Manifestazioa deitu du ezker abertzaleak arratsalderako Xabier Reyren heriotza salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ezker Abertzalea | Politika | Argazkia
2018-03-09 10:48

Dolu uneak dira. Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoaren heriotzak atsekabez bete gaitu. Era berean, gogoeta egiteko unea ere bada, Antxoren heriotza ez baita naturala izan.

Xabier Rey atxilotu zutenean, gogor torturatu zuten. Urrundua zuten, etxetik 1.000 kilometrora. Isolamenduan zuten, lehen graduan, 22 orduz ziegan. Bere tortura hamar urtez luzatu dute. Heriotza honek izen-abizenak dauzka: salbuespeneko espetxe politika eta Alderdi Popularra. Xabier ez da hil. Xabier hil egin dute.

Ezker Abertzaleak jakin badaki heriotza hau saihestu zitekeela. Alde batetik, torturapean lortutako autoinkulpazioen ondorioz zigortu zuten Rey. Beraz, ez zuen kartzelan egon behar. Bestetik, politika penitentziarioa egokitu balitz, dagoeneko hirugarren graduan egon zitekeen, baimen bidez ateratzen. Eta ziurrenera, ez zukeen egingo egin duena. Desesperazio ekintza bat baita egin duena. Infernu horri ihes egiteko modu bakarra.

Hori guztia dela eta, Ezker Abertzaleak exijitzen du torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritutako sententzia guztiak errebisatzea. Era berean, politika penitentziarioaren amaiera exijitzen dugu. Bide-orri bat adostea planteatzen dugu, lehenbailehen bukatzeko urrunketarekin eta lehen graduarekin. Salbuespeneko legedia honek amaitu behar du. Izan ere, legedi arrunta aplikatuta, justizia trantsizionalean oinarritutako neurrien bidez presoak kaleratzeko aukera egon badago. Zeren eta ez dago normalizazio politikorik, ez dago soluzio justu eta iraunkorrik ehunka preso dauden artean.

Hemen biolentzia asko egon dira, biktima asko. Baina Estatuaren biolentziak jarraitzen du. Antxo Estatuaren biolentziaren biktima horietako bat dugu. Ez dugu biktima bakar bat gehiago ere nahi. Jakin badakigu saiatzen ari direla errelato bat inposatzen, garaileena eta garaituena, justuena eta injustuena, onena eta txarrena. Horregatik argi diogu: oinarri horien gainean ez dago soluzio justu eta iraunkor bat eraikitzerik. Dei egiten diegu eragile guztiei arduraz joka dezaten; ez dezatela biktimen eta elkarbizitzaren esparrua erabili konfrontazio politikorako.

Antxo lasai agurtzen utz diezagutela eskatzen dugu. Alderdi Popularrari eskatzen diogu, bizirik direnak errespetatzen ez dituenez gero, errespeta ditzala gutxienez hildakoak. Utz diezagutela bakean eta duintasunez agurtzen.

Ostiralean, 10:00etan, Ezker Abertzaleak harrera egingo dio gorpuari Iratxe tanatorioan, Iruñean. Eta Azpeitian, ostiralean baita, manifestazioa egingo da 19:00etan plazatik abiatuta. Larunbatean, hilaren 10ean, 17:00etan Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egiten dugu; Orkatzetik kotxeak egongo dira 15:00etan, bertara joateko.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa