Superrak

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2015ko ots. 19a, 10:39

Ezin hobeak, primerakoak, berealdikoak, egundokoak, sekulakoak, bikainak. Horrelakoak dira superrak. Hala azaltzen dute hiztegi guztiek, hala dira hitzez.

Eta hori horrela izanda, zalantza gutxi beharko luke Superligak nolakoa izan beharko lukeenaren inguruan. Izen horixe izan zuen orain gutxi arte Espainiako Emakumezkoen Futbol Ligako Lehen Mailak. Liga horretako kirolari bikainek jokatzen dute bertan, elkarte ezin hobeenek, talde berealdikoek. Superrek.

Hain dira superrak, jokalarien gehiengoak ez baitu kontraturik, eta ez baitu 1.000 euro baino gehiagoko soldatarik jasotzen. Izan ere, emakumezkoen futbola ez da profesionala federazioarentzat, aisialdikotzat jotzen du, eta hortaz klubek ez dute inongo obligaziorik haiekiko. Are gehiago, honela dio Espainiako Kirol Federazioen Errege Dekretuaren artikulu batek: "Estatu mailan, kirol modalitate bakoitzean liga profesional bakarra egon ahalko da". Alegia, gizonezkoen liga profesionala egote hutsarekin ezinezkoa dela emakumezkoen liga profesionalik egotea. Eta arau hori ez da hain zaharra, 1991koa da. Superra.

Ondorioz, klub batzuk beltzean ordaintzen diete jokalariei, edo beraien jardunarekin zerikusirik ez duten kontratuak egiten dizkiete, zaintzaile kontratuak, pizzeria langileenak edo bestelakoak. Batzuek ez dute kotizatu ere egiten, horrek dakartzan eskubide gabezia guztiekin. Superra.

Gutako asko gara Realekoak, Athleticekoak, Bartzelonakoak edo beste talderen batekoak. Eta guk guztiok begiratzen dugu beste aldera. Bai Realak, bai Athleticek, biak dituzte emakumezkoen taldeak, eta Espainiako Ligako baldintza txukunenetakoak eskaini arren, 1.200 eurotik gora izar bakanek soilik kobratzen dute. Eta Illarramendiren salerosketaren inguruko datuak, berriz, mahai gainera etorri direnean, ernegatu egin naiz. Realak 38,9 milioi jaso zituen jokalaria Madrilera saltzeagatik. Eta urte eta erdi eskasera, Athletic kirolari horregatik 25 milioi ordaintzeko prest agertu da. Alegia, dirua, eduki, bapo badutela gure taldeek, baina aldi berean, 1.200 euroko soldata eskas bat dutela emakumezkoen taldeko jokalari bakan batzuentzat, eta hortik beherakoak gehiengoentzat.

Superrak.

Bestelako kontuak datoz Europatik; Alemanian edo Britainia Handian indar handia du emakumezkoen kirolak, eta zer esanik ez, AEBetan; han jokalariek euren futbolari estatusa ondo nabarmenduta dute, eta, besteak beste, publizitate eta bestelako kanpainetarako izen handi bihurtuta daude. Horregatik, gure kirolarietako askok atzerrira joan behar izaten dute futbolaz gozatu eta bizitzeko. Hala egin zuen Marina Agoues Realako jokalari zarauztarrak ere. Baina zer diren gauzak, bere taldea gaizki xamar dabilela eta laguntze aldera, klubak hala eskatuta, itzuli egin da Donostiara: "Nire betiko taldeak laguntza behar du, eta hori da lehentasuna", entzun nion irratian. Horiek dira baloreak. Superrak. Oraindik. Denon lana da. Eta entzuten ditut guraso aitak kexatzen; beraien alabek futbolean jokatzen duten arren, herriko komunikabideetan ez direlako agertzen. Poza ematen dit haien haserreak, norbait zerbaitez konturatzen ari denaren ilusioa, ametsa edo kimera. Superra.

"Futbol femeninoa ez da ez futbola eta ez femeninoa". Aspaldi esan zuen ustezko futbolari izar batek; eta astea joan, astea etorri, asko dira antzerakoak aho zabal bota eta lasai gelditzen direnak. Gizonezkoak denak, futbolariak, futbolari ohiak edo klubetako presidente eta agintariak asko. Orain gutxi, nahastu ziren bazterrak eta mugitu barru eta kanpoak futbol partida baten atarian zale batek beste bat hil zuenean. Eta galdetzen dut nik emakumezkoen futbolaren egoerak ez al duen merezi eztul txikiren bat ere. Erantzuna norberak dauka. Superra.

Baina zer ari naiz ni futbolaz, diruaz eta kontratuez, zelaitik kanporakoak igualtsu badaude. Begiratu ezkerrera, begiratu eskuinera, begiratu gora, begiratu behera, begiratu barrura, begiratu kanpora. Ezin hobeak, primerakoak, berealdikoak, egundokoak, sekulakoak, bikainak. Horrelakoak dira superrak.

Urola Kostako Hitza-n argitaratutako iritzi artikulua.