Ametsak zapuzteko arrazoiak emango?

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko urt. 5a, 20:01

Bost. Urtarrilaren bosta da gaur. Eta bost. Bost egun gelditzen zaizkie Zarauzko gaztetxekoei euren txokoa defendatzeko. Bost egun barru, epailearen agindua betetzeaz, seguru aski Putzuzulo hustu egingo dute Ertzainek, eta, seguruenez, indarrez. Gehiengoak bestelakoa nahi izan arren, bost egunen bururan prezintatuta geratuko da ametsen fabrika.

Euskal Herriko herri askotan gertatzen da, eta oso sarri, pentsatuko duzue askok. Eta halaxe da. Baina zoritxarrez, gertuagokoen egoera hobeto ezagutzen dugu eta Zarauzko kasuarekin hala gertatu zait niri behintzat. Barruagotik ezagutu dut, eta hara nire sorpresa, hor ere, tartean gure artekoren bat dabilela jakin dudanean.

Bai, Munorena omen da orain hustear dagoen lokal hori. Hala kontatu zidan zarauztar batek. Gazte asanbladakoa da bera, eta hasiera-hasieratik ezagutzen du gertatutakoa. Berak kontatu didanez, lokala okupatu zutenean berehala deitu omen zioten Munori gertatutakoaren berri eman eta berarekin akordio bat iristeko.

Gaztetxekoek bazekiten okupatutako etxe horretan etxeak egiteko asmoa zuela Munok. Baina bospasei urtera egitekoa omen da proiektua, eta bitartean lokala gazte asanbladari uzteko eskatu ei zien gazteek. Gero alde egingo zutela. Munok kezka bat omen zuen: segurtasuna. Lehen ere bere lanetakoren batean neskaren batek min hartu eta kilo bat ordaindu behar izan omen zuelako.

Gazteek orduan abokatuekin hitz egin. Eta hauek esan zieten segurtasunarena erraz konpondu daitekeela, bi aldeen artean kontratu bat eginda. Horixe proposatu zioten gazteek Munori. Eta honek bale, pentsatuko zuela.

“Baina hurrengo egunean flipauta geratu gitxunan”, kontatu dit lagun honek. Munok bi aldiz pentsatu duela, eta ezetz, etzuela hori onartuko eta salaketa jarriko zuela Ertzain etxean. Eta ni ere flipatuta nago orduz geroztik. Epaileak deklaratzera deitu zuen Munorekin hitz egindako gaztea. Muno bera ere bai gero. Emaitza: Gaztetxea husteko agindua, urtarrilaren 10a baino lehen. Eta Zarautzen ez omen dago beste komentariorik: “gauzak ondo eta polito egiten ari dituk ba gazte hauek…”

Izan ere, bizirik diraun hilabete eskasetan edozein herritako kultur etxek baino ekimen interesgarriagoak egin ditu Zarauzko gaztetxeak. Euskal zinemari buruzko zikloa; Telmo Esnal eta Asier Altuna bertan jendetza itzelaren aurrean hitzaldiak ematen, Anjel Lertxundirekin beste horrenbeste. Euskal Herriko skate pistarik handiena ere eraiki dute, haur eta helduentzat ekintzak ere egin dituzte… Igandean bertan (hila 8), Ruper Ordorikak kontzertua emango du.

Eta ni ez naiz konstruktorea. Ez eta enpresaria ere. Eta egia da Munoren bertsioa ere ez dudala ezagutzen. Baina galdera bat datorkit burura, behin eta berriz: zer kostatzen ote zaio Munori bospasei urtean hutsik egongo den lokal bat gazte batzuri utzi eta herriaren eta kulturaren alde benetako lana egiteko aukera ematea?