Olentzerori

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko abe. 19a, 13:12

Olentzero maitea;

Urteak dira gutunik idatzi ez dizudala. Urte asko. Eta halere beti ekarri didazu zer edo zer. Gaurkoan, ordea, eskean nator. Eskean eskatu beharrean sentitzen naizelako. Eskean, batzuen beharra inoiz baino gertuago sentitzen dudalako.

Nire lagun Jaionerentzat eta bere familiarentzat indarra eskatzen dizut. Indarra eta kemena, anai bat eta seme bat, bat-batean, galdu dutelako. Eskiatzera joan eta betirako joan dela jakin dutelako. Oraindik ere sinistu ezinda dabiltzalako.

Maialenentzat ere beste horrenbeste eskatzen dizut, eta ahal bada gehiago. Orain arteko bere lagun eta kidea galdu duelako. Etorkizunean bidaide izan behar zuena bidean gelditu zaiolako. Hemendik aurrera egiteko, direnak eta ez direnak beharko dituelako.

Denisentzat berarentzat ere eskatu nahi nizuke, heriotzaren ostean zerbait hobea dagoela esaten duten horiei sinistu nahi diedan une honetan. Toki hori Denisen gustukoa izatea eskatzen dizut. Gustura egon dadila, ondo egon dadila, eta hemen disfrutatu eta disfruta arazi zuen adina gozatzeko modua izan dezala.

Eta azkeneko gauza bat ere eskatuko dizut, Olentzero. Ulermen arrazionaletik kanpo dagoen munduan bizi zarenez, eta gure zergatientzat erantzunak gordetzen dituen mundu misteriotsu horretan kontaktuak izango dituzula pentsatuta, erantzun guzti horiek dituen horri, nire partez, galdera bat egitea: nork erabaki du 2006ko abenduaren 18ko goiz batean, Azpeitiko 27 urteko Denis gazteak amildegitik behera erori behar zuela eta betirako hil behar duela? Eta zergatik?

Badakit erantzunik ez didazula emango. Badakit zergati horiek jakiterik ez dudala izango. Baina jakin egin nahi dut.

Besarkada bat eta animoak Jaione, bere familia, Maialen eta Denisen lagun guztiei. Nahi duzuenerako