Bertsotruk-eko lehenbiziko topaketa egin dute Erniarraitzekoek

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2016ko urr. 19a, 17:52

Erniarraitzek joan den astean eman zion hasiera Bertsotruk ekimenari. Bertsotruk Euskal Herriko Bertso Eskolen Batzordetik antolatutako ekimena da, eta Euskal Herri osoko bertso-eskolek hartuko dute parte, bigarren urtez.

Aurtengoan, Erniarraitzi Gasteizko Kakiturri bertso-eskola eta Durangaldeko bertso-eskola egokitu zaizkio taldean. Beraz, bakoitzarekin bina saio egin beharko ditu, bata kanpoan eta bestea etxean.

Gasteiztarrek urriaren 12rako prestatu zuten lehenengo hitzordua Kakiturri elkartean. Guztira bi bertso-eskoletako 30 lagun inguru bildu ziren eta, ederki bazkaldu ondoren, Felipe Zelaietak gidatutako saioan Kakiturriko Asier Otamendik, Ricardo Gonzalez de Duranak eta Alberto Martinezek kantatu zuten. Erniarraitzen izenean, berriz, Beñat Lizaso, Asier Garate Txibilter eta Eneritz Artetxe aritu ziren.

Hurrengo topaketa Erniarraitzek antolatu beharko du, Kakiturriko taldea etxean hartzeko.