Erniarraitzko gaztetxoenak Eskolarteko Txapelketan\

Erabiltzailearen aurpegia \N 2012ko mai. 12a, 22:37
Udaberria aurrera doan heinean, hasi dira Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketak. Tartean, maiatzaren 11an, ostirala, Gipuzkoan jokatuko diren saioetariko bat izan zen. Nola ez, bertan izan ziren Erniarraizko zenbait gaztetxo.\ \ Txapelketa honetan parte hartzeko bi aukera daude, idatzizkoan eta bat batekoan. Biak ere 14 urtera arteko eta 14tik 18ra arteko bi kategoriatan banatuta.\ \ Gure gazte gehienek idatzizkoan hartu zuten parte. Hiru bertso idazteko ordubete inguruko denbora izan zuten, nahi zuten neurri eta doinuan. Eurentzako gaia honakoa izan zen: “zuen bizitzako erlojuaren txirrinak jo du”.\ Baina bat-batekoan ere izan da gure ordezkari bat, helduen mailan, Jon Gurrutxaga.\ \ 5 bertso puntuagarri kantatu behar izan zituen: Bi zortziko handian ofizioka, 4 errimarekin bertso bat, puntu erantzuna eta bakarkako gaiari beste bertso bat. Lan polita egin du orokorrean, bertsoren bat nahi adina borobildu ez badu ere.\ \ Gure gazterik bertsozaleenak hobetzen doaz urtetik urtera eta zorionak parte hartu duzuen denoi. Halere, ikasten eta bertsoarekin gozatzen jarraituko dute maiatzaren 12 eta 13an, Lasturren izango baitira Erniarraitzek antolaturiko ibilaldian. Bertan egiten dituzten ekintzak azalduko ditugu hurrengoan. GOZATU!\