Jokin Uranga profeta ez, bertsolari bere herrian

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko aza. 7a, 11:11

Izarraitz pilotalekua gainez eginda, eguraldi ezin traketsagoarekin, jendeak arazoak izan zituen bertara iristeko eta saioa bera ere hamar minutuz atzeratu behar izan zuten. Dena dela jendea aurrez zegoen Azpeitira etortzeko planak eginda eta gutxi izango ziren azken orduan atzera egin zutenak, pilotalekua nola bete zen ikusita, 1.500 lagun inguru bildu ginen.

Jokin Uranga, Ane Labaka, Iñaki Apalategi, Iker Zubeldia, Unai Muñoa eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” izan ziren kantuan Iker Iriarteren agindura.

Final-laurdenetan gainerako lau saioetan egindako lan berberak izan zituzten, ofiziotan sei puntuko motzean hiruna, hiru puntuko koplatan seina, zortziko handian ofiziotan hiruna, gaiari bakarka beste hiru eta azkenik kartzelako gaia ofiziotan hamarreko txikian.

Agurrean bertan hasi zen Jokin Uranga esaerak apurtu nahian. Norbaitek esan omen ziola inor ez dela profeta bere herrian, baina bera ez dela profeta bera bertsolaria dela esanez. Edota Iker Zubeldia, azkenaldian gorde samarrik egon dela eta han ikusiko zela ardo ona ala binagrea zer zegoen barruan. Esan daiteke beraz punteria ona izan zutela biek ere bata bertsolari eta bestea ardo onarekin etorri baitziren, lehen bi postuak eskuratu zituzten.

Jokinen lanei begira jarrita, sei puntuko motzean Xamoarekin egokitu zitzaion. Biak ziren zahar-etxeko bezero. Xamoak bere logela familiakoen argazki eta opariz betea duen bitartean Jokinenean ez dago haren familiakoen arrastorik. Dotore defendatu zuen bere alderdia Jokinek, arrazoi sendo eta bertso egokiz. Lan horretan berak eskuratu zuen puntu gehien.

Koplatan Iker Zubeldiarekin egokitu zitzaion. Mendiko bideak auzo-lanean garbitzeko deialdia egin da herrian eta biak bakarrik azaldu dira. Bizi eta dotore egin zuten, atzeko bertsolarien aipamenak eginez, entzuleei gozaraziz.

Zortziko handian Iñaki Apalategirekin egokitu zitzaion. “Apalategi haurtzaindegiko langilea da eta Jokin behin gehiago, arratsaldeko 6ak jota dator goizeko 7etan haurtzaindegian utzi duen bere umearen bila”. Begiratu batean alderdi zaila zirudiena, oso ongi baliatu zuen, aurreko bikoteak Zubeldiak eta Muñoak izan zuten gaiaren erreferentzia egiteko, alegia, ordu horiek guztiak lan egin beharra zuela aurreko bikotean Muñoari gertatu bezala etxea bankuari entregatu beharrik ez izateko. Atzoko saioko bertsoaldi puntuatuena izan zen Jokinena.

Bakarkakoa etorri zen hurrena. Honela zioen gaiak: “Belaunaldiz belaunaldi zuregana iritsitako urrezko eraztuna saltzera zoaz”.Oso ongi arrazoitu zuen bere erabakia, hiru hamarreko handitan, seguru eta eroso. Lehen bertsoan, eraztuna zela hura egoera larri artatik atera zezakeena. Bigarrengoan eraztuna saldu arren inoiz ez zuela salduko bere arbasoen oroimena. Hirugarrenean bizirik irautea ezinbestekoa zela, bestela ez zegoela eta hurrengo belaunaldirik. Atzoko bakarkako puntuatuena izan zen. Lapikue.net-en aurkituko dituzu hiru bertsoak idatzita.

Nahiko seguru geunden bera izan zitekeela saioko irabazlea, eta bigarrena ere gure ustez Iker Zubeldia izango zelakoan geunden, eta bete betean asmatu genuen atzo. Ez da beti gertatzen, batek saioan jaso dituen inpresioak ez dira beti epaileek emandako puntuekin bat etortzen, eta ez da harritzeko ere.

Beraz orain Finalerdietarako herriko bi bertsolari ditugu sailkaturik Jokin Uranga eta Beñat Lizaso. Honela gelditu dira Finalerdiak:

Arrasaten hil honen 26an, larunbata, Beñat Gaztelumendi, Felix Zubia, Alaia Martin, Agin Rezola, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin.

Tolosan, 27an, igandea, Jesus Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Beñat Lizaso, Nerea Elustondo eta Iñigo Izagirre.

Hernanin, abenduaren 4an, Jon Martin, Jokin Uranga, Unai Agirre, Amaia Agirre, Iñaki Apalategi eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Baditugu beste hiru saio bikain bertsoaz gozatzeko eta, zergatik ez, bietako bat, edo biak, finalerako sailkatzeko ilusioz jarraitzeko. Zorionak Beñati eta Jokini eta animo.

Informazio gehiago nahi duenak gpuntua.com kontsulta lezake.