Nekane Zinkunegi finalista, Ane Labakak irabazitako Osinalde sarian

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko api. 18a, 17:04
Nekanez Zinkunegi (ezkerretik hasi eta bigarrena) eta gainerako finalistak saioa bukatu osteko argazkian.

Joan den larunbatean jokatu zen Gabiriako Osinalde elkartean aurtengo bertsolari gazteen sariketa. Aurrez Aztiri, Argi-Berri eta Axari sariketetatik sailkatutako sei bertsolarik hartu zuten parte bertan. Odei Barroso, Nekane Zinkunegi, Adur Gorostidi, Endika Igartzabal, Ane Labaka eta Arrate Illaro izan ziren hain zuzen.

Elkartean bertan buruturiko afariaren ostean, gaueko hamaikak aldera eman zitzaion hasiera saioari. Lehenik eta behin, indartsu hasteko, bi punturi erantzun behar izan zieten bertsolariek. Ondoren, zortziko handian eta txikian ofizioka aritu ziren. Bakarka gai bati erantzuteko bi bertso abestu behar izan zituzten horren ostean. Jarraian trikitilarien laguntzaz, hirunaka koplatan jarri zituen gai-jartzaileak guztira bederatzi kopla osatu arte.

Kartzelako ariketa etorri zen horren ostean. Kartzelan hamarreko txikiko ofizioa zegoenez lan moduan, binaka burutu zituzten kartzelako lanak. Lehenik, bakoitzari hitz bat eman zitzaion eta ondoren, hamarreko txikian hiruna bertso abestu zituzten ofizioan.

Hala bada, saio itzela burutu ostean, Ane Labaka lasartearra suertatu zen garaile. Bertsorik onena berriz, Odei Barroso urruñarrak bakarkako lanean bota zuen bigarrena izan zela erabaki zuten epaileek. Amaitzeko, publikoaren saria etxean geratu zen, Endika Igartzabal gabiriarrarentzat izan baitzen.