Bertso trama: 'adarrak zorrotz'

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko mar. 30a, 18:03

"Adarrak zorrotz" izenburua zuen Haritz Etxeberria "Ministrok" prestatutako Bertso-tramak. Bertsolariak Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izan ziren. Jendearen erantzuna bikaina, 250 lagun inguru gutxi gora behera. Sanagustin Kulturgunea beterik ikusten zen, entzule oso bariatuarekin, adin guztietakoak, baita nahiko txikiak ere, baina gazteak eta helduak batez ere. Azpeitian badute estimazioa igande arratsaldeko ekitaldiek. Zerbaiten egarria dagoen seinale.

Bertsolariak beren agurretatik hasi ziren publikoarekin konektatzeko gogoz. Amets Arzallusek bere harridura agertu zuen ordu erdi atzeratu zelako saioa beragatik, ez baitzuen uste horren inportantea zenik bera. Maialen Lujanbiok azpeitiarren fedea tentatu zuen, igande arratsaldean eliza betetzeagatik. Jon Maia eta Andoni Egaña ere halatsu.

Traman lanak banatu zituen Ministrok eta Amets eta Maialen 20 urte inguruko bi gazte gisa jarri zituen, Amets Maialenez maitemindua baina nabarmendu nahi ez duena. Maialen gazte ekologista hippia, zezenen aurka dagoena.

Andoni Egaña 60 urteko torero erretiratua, gizon harro eta inbidiosoa. Jon Maia torero izan nahi duen 25 urteko gazte saiatua, beti Andoniren atzetik.

Elementu horiekin osatu zuen istorioa eta banatu zituen ariketak.

Lehenbizi Andoni eta Jon, herrian zezenen kontrako kartelak ikusita haien aurkako propaganda egiten.

Maialen eta Amets mendi buelta batean. Maialen ikusten du harriduraz marihuana landareak motxilan sartzen.

Kartelak jartzen ari direla topo egiten dute Jonek eta Maialenek.

Andonik badaki Ametsen Maialenenganako maitasunaren berri eta hori itzali nahiko du Maialeni dion gorrotoagatik.

Jonek ikusi du Amets eta Andoniren arteko elkarrizketa eta errezelo txarra hartzen du eta zeloz beterik, bere kabuz joaten da zezen beltza toreatzera. Txiki-txiki eginda uzten du. Ospitalean bisitatzen du Maialenek eta saiatuko da konbentzitzen zezenen aurka jartzeko baina Andoni ere han dago.

Ametsek jakin du Maialen Jon bisitatzen izan dela, zeloz beterik hau ere. Maialenek marihuana landareak bildutako tokira joan eta denak biltzen ditu Maialen irabazteko asmoz. Han ertzainek atxilotzen dute. Kalabozotik dei bat egin dezake. Maialeni deitzen dio baina honek ez dio telefonorik hartzen.

Andoni Jonengana joan da eta Amets berak salatu duela esaten dio.

Amets askatzen dute eta Maialen joaten zaio bere bila. Biek erabakitzen dute eskarmentua ematea Andoniri. Baina hau enteratu da eta Joni eskatu dio laguntzeko. Honek haizea hartzera bidali du.

Andoni taberna batean sartu eta whiskyz mozkortzen da. Plazan erorita aurkitzen du Jonek eta bere etxera eramaten du. Ohean sartzen du eta egunsentian biak ohe berean esnatzen dira.

Maialenek San Ignaziotarako ekarritako zezenei atea ireki eta herrian zehar izua sortzen dute zezenek. Arazo hori inork zuzentzekotan Andonik zuzen lezake, bere bila doaz. Baietza ematen die baldintza batzuekin.

Maialenen aurka jarri da herria, eta Azpeititik aldegitea erabakitzen du, zortzi puntuko bertso bat utziz.

Hori jakitean Ametsek bere buruaz beste egiten du beste zortzi puntuko bertso bat jarriz. Jonek ere ikusten du ez daukala torerotzan zer eginik eta alde egitea erabakitzen du bere txalupa hartuta. Agurrean beste 8 puntuko bertso bat kantatzen du.

Andonik berriz herrian lortu duen ospea ikusita udal hauteskundeetara alkatetzarako aurkeztea pentsatzen du eta bere argazkia eta bertso batekin, herriko posta-kutxa guztietara bidaltzen du bere eskaintza.

Lau bertsolarien agur banarekin amaitu zen saioa.

Paperean oso sarturik ikusi genuen Andoni Egaña, ondo eta gustura bere paperean. Jon Maia ere ongi sartu zen bere torero paperean, baita Maialen Lujanbio ere bere mezuak bidaliz, amodiozkoak zein zezenen aurkakoak. Gutxien gozatzen Amets Arzallus ikusi genuen, agian bere paperak zuelako indarrik gutxien. Baina oro har saio polita, entretenigarria, eta bertso-entzule askorentzat zerbait berria. Seguru denetarako iritziak izango direla bakoitzaren baitan, hauxe izan zen guk jaso genuen iritzia.

Bideoa