HATXErentzat txapelak Bertso Parrandan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko urt. 3a, 00:01

Jendetza gaztetxean

Ze ekitaldik elkartuko lituzke 600 lagunetik gora Azpeitian ordu eta erdiko eta euskarazko emanaldi batera? Ezin da, seguraski, zerrenda luzeegia egin. Horregatik da harrigarria, edo adierazgarria gutxienez, bertso-parrandako finala ikusteko kopuru hori elkartzea gaztetxean: 600 pertsona pasa. Zer pentsatua ematen du. Ez da bertsoa bakarrik, jakina. Bertso-parranda formatua bera da bi hilabetez tabernetan jendea biltzen duena, orduagatik, askotan kantatzen ez duten ezagunak ikusteko aukeragatik, txapelketa orok duen morboagatik, bertsozale eta ez hain bertsozaleak elkartzeko moduagatik, trago bat hartuz elkartzeko paradagatik... auskalo zergatik.

Beste eztabaida baterako utzi dezagun hori eta, konta dezagun, zer ikusi eta entzun zuten 600 lagun hoiek.

Txapeldunak, HATXE

Txapelak jantzita HATXE taldekoak: Txibilter, Garmendia eta Etxaniz.
Argazkia: Erniarraitz

Hasi gaitezen bukaeratik. Txapela, HATXE taldekoek jantzi zuten: Garmendia, Etxaniz eta Txibilterrek. Eta txapelketa serioagoetan bezalaxe, familia eta inguruko jendea izan zuten gogoan azken agurretan, hiru kideek. Lehiakideak, MAN taldeko Ministro, Ander eta Nekane zituzten. Ministrok, bertso eskolan besteen irakasleak, gehitxo erakutsi izanaren pena erakutsi zuen, umorez.

Entzuleek erabaki zuten txapelduna. Kanporaketetako saio guztietan ipini ditu epaileak Erniarraitzek eta, haiek berdinketa emandako kasuan soilik hartzen zen kontuan jendearen bozka. Finalean, ordea, ez zen epaile berezirik: zuzenean erabaki zuen jendeak bere botoekin nork eramango zuen txapela. Eta zalantza haundirik gabe erabaki zuen, gainera: HATXErentzat txapelak.

Agurrak, ijito eta baserritar arteko dema

MAN taldeko ijitoak agurra kantatzen: Ministro, Ander eta Nekane.
Argazkia: Erniarraitz

MAN taldeak eman zion hasera bertso saioari, eta oso modu orijinalean gainera. Beraien burua aurkeztu zuten "hemen gatoz, hiru ijito/ Dolores Loli ta Joselito" kantatuaz. Hasieratik garbi utzi zuten txapelaren bila zetozela, irabazi ezean lapurtu egingo zutela esanez. HATXE taldekoak aldiz, gainerako saio guztietan bezalaxe, baserritarrez jantzita alboka eta adarraz lagunduta plazaratu ziren. Hala esan zion Etxanizek Anderri "Anderrek bertsotako du abildadea/ ta horregatik izango degu leia dotorea/ Lazkao Txiki edo Txirrita zein degun hobea".

Talde bakoitzak bi saio egin zituen agurra osatzeko, umorea ardatz, ondo landuriko bertsoak entzuteko aukera izan genuen bertaraturiko jendetzak.

Agurretik ofizioetara

Gurutze Oiartzabalen gidaritzapean aurrenak kantatzen Nekane eta Asier izan ziren. Hauek gaztetxera sartu direnetik bien begiak topo egin dute behin eta berriz, Nekane ausartu eta hitza eman dio Asierri. Hala esan zion Nekanek, heltzeko gerritik edalontzia lagata. Asier berriz ez zen ausartzen, Nekaneren ezetzaren beldur zelako. Nekanek aldiz bere horretan jarraitzen zuen eta azkenerako Asierrek honela bukatu zuen "naiz hartuak ditudan zuen kriston belarrondokoak/ hemen nahikoa egin deguta izan gero gerokoak."

Bigarrenak kantatzen Ministro eta Haritz izan ziren. Hauek biak bertsoparrandako finalera heldu diren lainexarekin santotomasetan isildu gabe jardun dira alkarrekin bertsotan, ze ondorio atera dituzten galdetu zien Gurutzek. Bideoan ikusi besterik ez dago, ligatze kontuak hartuta alkarri adarra jo asmoz ibili ziren biak. Perla politenetako bat Ministrok Haritzi kantatu ziona ".../ Haritzek berriz zer egingo dun, hiru kalabaza hartu/ alboka jotzen hasi da baina, atzetik hartzen bukatu."

Ofizioak bukatzeko Lazkao Txiki eta Txirrita, Ander eta Etxaniz nor baino nor. Gaiak honela zioen. Hilak 20an Etxaniz Olentzero papelean ikastolan izan zen, eta orain Ander mutikoak ezagutu egin du. Ander builaka hasi zaio Olentzero Olentzero esanaz. Anderrek galdetu zion ia non zuen Olentzeroren bizarra, Etxanizek berriz mutiko makarrari ikatza ekarriko ziola, ez dela etxerako modukoa eta.

Ariketa bereziak

Alkarri oinak emanda Haritz eta Nekane jardun ziren. Ez da erraza antzematen bertsoak non bukatuko duen. Hemen pasartetxo bat, Haritz kantuan eta Nekane errimak emanten.

Haritz: Beteranuak eta hasi berriak
zein baino zein buruz buru
Nekane: Helburu
Haritz: Bertsoa eta parranda biak
uztartzia deu helburu.
Nekane: Aburu
Haritz: Zuena gaurko erabakia
buruak haina aburu.
Nekane: Aiduru
Haritz: Euskal Herrian hainbat hitz dira
ta hoitako bat aiduru
Nekane: Dugu
Haritz: Guk aldan bitartin entenditu
-tako denak kantatu dugu.

Zortzi oinak emanda Ander eta Etxaniz jardun ziren, librean berriz Ministro eta Asier. Azken hauek publikoko jendearekin sartzen hasi ziren. Gaztetxean edade guztitako jendea ikustea pozgarria dela esaten hasi eta burusoil dexente dagoela esaten bukatu.

Objetuei bertsotan

Azkenengo ariketa puntuagarri bezala, objetu ezberdinei bina bertso kantatu beharko zizkieten bertsolariek. Lehenengo bueltan bakoitzari suertatu zitzaion objetuari eta bigarren bueltan beraiek aukeratzen zuten edozein objeturi. Objetuak nahiko kuriosoak, Etxanizentzak artaburua, Nekaneri berriz giltza, Ministrori bonbila, Asierri sator tranpa, Haritzi zartagina eta Anderri paketea edo paƱala. Nekanek bigarrengo itzulian honakoa kantatu zuen:

Naiz Etxanizek atera duen
barruan duen artea
adarra ondo jo behar da edo
bestela eman pakea
artaburua emanda honi
jarri dioten katea
horretarako hobe zenuten
ispilua ematea.

Koplatan taldeka

Azkenengo ariketa puntuagarri bezala koplatan jardun zuten bi taldeak. MAN taldekoak urte zahar gabean guardian dauden hiru udaltzain dira. Anderrek Ministrori "gaur ere guardiya toka zaigu mekauen la rediyo/ aitzaldek zemoduz habil aizak nere onduan Oriyo". Ministrok berriz "Ni naiz Azpeitiko Orio ni ia ia naiz sheriff/ boligrafo azkarrena izaten jarraituko det nik berriz".

HATXE taldekoak berriz hiru errege magoak ditugu, Olentzerok diru asko gastatu duela eta aurrekontu gabe geratu dira. Gurutzen galdera, Nor utziko dezute oparirik gabe? HATXE taldearen erantzuna berriz zorrotza, "Eztirelako oso santuak eztirelako kabalak/ ezerre gabe utzi beharko ditugu munizipalak" kantatu zuen lehenbizi Asierrek. "Zuek zarete paregabeak jarri dezazute arreta/ dagoneko nahiko diru lapurtu dezute eta" Berriz Haritzek. Etxaniz ere ez zen atzean geratu "eta denentzako pentsatu det bai erregalua hobia/ hauek herritik kenduko ditut ta denontzako pakia".

Koplatan, berriro, epaiaren zai

Saio puntuagarria bukatuta Haritzen soinuaz lagunduta koplatan jardun zuten librean publikoaren botoak bildu eta kontatu bitartean.

Bideoa

Eta, bukatzeko, bertso-parranda osoan egin bezala, hona hemen saiko laburpen moduko bideoa, oraingoan ohi baino luzexeagoa: 18 minutu.