HATXE taldea ere finalera

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko abe. 11a, 22:12

HATXE-MAN izango da 2010eko Bertso Parrandako finala, hilaren 30ean Azpeitiko Gaztetxean. Festa eta umorea, ez da faltako.

Lehen aldiz atera dira plazara HATXE taldeko hiru bertsolariak eta asmatzen dute, asmatzen dutenez, jendearengana iristen. Ez dira plazaz-plaza dabiltzan bertsolariak, ez dute teknika depuraturik akaso, errima neurri eta doinuetan akats txikiak egiten dituzte oraindik. Baina bertsoa hori baino gehiago da, ideiak dira, freskotasuna, komunikazioa. Eta, hori, hori primeran egiten dute.

Merezita iritsi dira finaleraino.

Zurt tabernan zen azken finalaurrekoa eta gainerako saio guztietan bezala, topera bete zen taberna.

Honez gero ezaguna den egitura izan zuen saioak: prestatutako agurrak talde bakoitzak, ofizioka (Josu eta Haritz; Etxaniz eta Jokin; Txibilter eta Joxin), elkarri oinak emanez bina bertso (Haritz eta Jokin), oinak emanda bana (Joxin eta Etxaniz), puntuka (Josu eta Txibilter) eta taldeak, banaka, koplatan.

Saioa bizi-bizia izan zen, umore kolpe ederrak izan zituena eta gogoan gordetzeko bertso edo puntu batzuk behintzat izan ziren.

Agurrak, ondoren, eta Silvia epailearen epaia. "HATXE aurrera..." esan zuen bertsoa bukatu baino lehen eta, handik atzerakorik ez zen entzuterik izan, builaka eta txaloka baitzen ordurako taberna guztia. Horretarako "bada nahikoa motibo" esan nahi zuen Silviak, eta entzun ez zen arren, asmatu zuen, bai.

Soinuaren laguntzaz, koplatan jarraitu zuten gero ere hamar bat minutuz oholtzako seirak, elkarri ziria sartuz.