MAN taldea finalera Leteatik

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko abe. 5a, 11:12
Leteako jaiotza 'berezia' MAN eta JOARE taldekoen eskutik.
Argazkia: Erniarraitz

Hotz egiten zuen kanpoan, baina orain arteko saio berotsuenetako eta umoretsuenetakoa izan zen Errezilen jokatutako lehenengo final-aurrea. MAN eta JOARE taldea ziren aurrez aurre, baina aurrez aurre baino elkarrekin osatu zuten saioa.

Agurra ere elkarrekin osatu zuten bi taldeek nahasian. Gabonetako Jaiotza antolatu zuten Jesus umetxo (Ander) eta guzti. San Jose (Jokin) eta Amabirjina (Eneritz Eizmendi) ume zain, kanpotik Espiritu Santuaren (Mini) presentzia nabaritzen zelarik. San Jokinek gehiegizko presentzia leporatu zion Espiritu Santuari, baina honek bereari eutsi zion, ustez neskatxen mesederako. Eskerrak artzainak (Eneritz Arzallus eta Nekane) etorri zirela bakea egitera, eta San Jokin baretzea lortu zuten. Halere, artzainak epaileak erosten saiatu ziren, ekarritako gazta eta esnearekin. Azkenean, kanturako prestatu ziren partaide guztiak.

Jokin eta Nekane kirolarien eta medikuaren paperean aritu ziren. Nekane medikuak kristoren egurra ematen dio Jokin kirolariari. Medikua beldur zen parrandara ez ote zuen joko kirolariak bestela. Kirolariak, berriz, lan gehiegi zuelako ezertarako aukerarik gabe ikusten zuen bere burua. Medikuak ez zuen etsi, eta biak berean mantendu ziren.

Eneritz Eizmendi eta Mini aritu ziren ondoren. Delitu bera egin zuten biek, baina Minik bi hilabete kartzelan nahikoak ditu, eta Eneritzek lau eman beharko ditu herri lanak egiten. Gustura zen Mini bazkaria prestatu beharrik ez zuelako izango, baina Eneritzek ez zuen Mini lau pareta artean irauteko moduan ikusten. Bi hilabete kartzelan eta beste bi Eneritzi begira barrezka pasatuko zituela agindu zuen Minik, baina Eneritzek parranda gauero egiteko aukera zuela erantzun zion.

Anderrek eta Eneritz Arzallusek osatu zuten ofiziozko azken bikotea, aita alabaren paperean. Alaba futbolari profesionala zen, baina azken aldiko bihotzekoak direla eta, aitak futbola uzteko eskatu zion alabari. Aitak bihotzekoak jotakoan alperrik dela uztea erregutu zion, eta alabak arrisku handiagoa ikusten zuen futbola utzi eta parrandaz parranda ibiliko zelako. Aitaren eredua jarraitzea besterik ez zuela behar bota zion aitak alabari.

Nekane eta Eneritz Arzallus aritu ziren ondoren, elkarri oinak ematen. Txapelaren zain zegoela adieraziz bukatu zuen Nekanek lehen bertsoa. Eneritzek, aldiz, horretarako beraien garaia heldua zela erantzun zion. Halere, elkarrekin kantatzea plazera zela adostu zuten biek, eta besteak txapela eskainita pozik geratuko liratekeela esanez amaitu zuten.

Ondoren, Eneritz Eizmendik oinak emanda hamarreko txikiko oso bertso polita osatu zuen. Dantza ikastea gustatuko litzaiokeela aitortu zuen, eta aurrean zuen izeba Arantxa hartu zuen horretarako eredu. Baina beti albora balantza eginez bukatzen zuen.

Anderrek ariketa berean hainbat amodio aitortu zituen, baina etxekoa berezi zuen, “geranioa” aipatuz, eta “maite det, dedio” bukatuz.

Puntutako saioan hartu zuen maila gorena umoreak. Jokin eta Mini aritu ziren elkar zirikatzen. Anderrek geranioa, eta Minik nolako margarita zeukan galdetu zion Jokinek Miniri. Errezilen hotza izan arren bihotza bero zutela aipatu zuten ondoren, Espiritu Santuaren dohainak zalantzan jarriz. Minik merezi adina zituela defenditu zuen, baina Jokinek Viagrari leporatu zion Espiritu Santuak zuen arrakasta. Amaitzeko, Jokinen janzteko modua zalantzan jarri zuen Minik, txandalarekin jantzita etorri baitzen. Aretoak bi gradu gora egin zuen saioa bukatzerako.

Gero, koplatan aritu ziren JOARE taldekoak. Maxi-Eroskin sartu diren hiru gaztetxo ziren Jokin eta bi Eneritz. Konturatu gabe denbora joan, eta barruan itxita geratu ziren. Bertako produktuei errepasoa ematen aritu ziren, beraien lehenengo mozkorra harrapatzeraino. Azkenean, astebete bertan geratzea proposatu zioten elkarri.

MAN taldearen txanda zen hurrengoa. Ander, Mini eta Nekane gimnasioan elkartu ziren, ariketak egiten. Ander barra baten zintzilika ipintzea proposatu zuten, ea pixka bat gehiago luzatzen zen. Eta hori nahikoa ez eta hanketatik tiraka aritzea pentsatu zuten beste biek.

Saioa bukatu arren irribarrea zen nagusi entzuleen artean, eta zalantza handi bat. Bi taldek nahiko paretsu egin zuten beraien lana, eta zaila izango zen bat bereiztea. Epaileek beraien iritzia eman arte koplatan aritu ziren seiak, eta jendearen ustea baieztatu egin zen. Epaileek berdinketa eman zuten, eta entzuleek aukeratu zuten aurrera egingo zuen taldea. Azkenean MAN taldeak (Ander, Mini eta Nekane) kantatuko du Gaztetxean egingo den finalean, baina inor ez zen haserretuko alderantziz izan balitz.

Gogoratu datorren ostiralean bigarren final-aurrea jokatuko dela, Azkoitian, Zurt tabernan, gaueko 23etan. Bertan HATXE eta AZPIJO taldeak izango dira kantuan.