Bertso Parrandaren betekada Jim Clark-en

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko aza. 27a, 19:11

Entzun gabeko saio baten kronika

Bertso Parrandaren 4. saioaren kronika egitekotan nintzen. Berandu iritsi nintzen, baina puntual: gaueko 23:00tan. Puntual, baina berandu: ez nuen sartzerik izan. Hura betekada zeukana Jim Clark-ek!

Argazki bat atera nuen, juxtu-juxtu

Jim Clark, topera
Argazkia: Erniarraitz.

Kanpoan, lehio parean eta ate parean, 50 lagunetik gora, zerbait entzun nahian, egiten zuen hotzarekin! Ez zen ezer entzuten.

Parean egokitu zen gizonezko batek hala galdetu zuen.Zer da hemen? Bertsolariak. Ze, EgaƱa-eta?

Beharrik.

Entzundako kronikaren saioa

Galdezka ibili naiz gero, ea zer moduzko saioa izan zen. Beroa izan zela, tabernan ere halaxe zegoela, agurretan luze eta umorez jardun zirela bi taldeak, trikiti eta guzti mutilak. Eta hutsegite haundirik gabe eta tarteka ale politak utziz egin zutela saioa seirek.

Hiru neska eta hiru mutil egokitu ziren elkarrekin Jim Clark-erako: HATXE (Garmendia, Txibilter, Etxaniz) eta SEI (Silvia Etxaniz, Eneritz Artetxe, Izaro Zinkunegi). Josu Xenpelar gaiak jartzen.

Ezkerretik eskubira: Artetxe, Etxaniz, Zinkunegi, Txibilter, Garmendia eta beste Etxaniz.
Argazkia: Erniarraitz

Epaileek enpatean utzi zuten saioa eta, beraz, entzuleek erabaki zuten nor pasa aurrera: HATXE taldea. Hurrengo saioa Azkoitiko Zurt-en izango dute, abenduaren 10ean.

Bideoa

Eta kontatu eta esan didatenarekin batera, bideo hauxe ere, horratx, atzokoaren erakusgarri.

Baina, esan eta kontatu didatenekin egin dudan kronika hau, bertan izan zinetenok osa dezakezue. Han izan zinetenok, konta ezazue apur bat zer pasa zen han barruan horrenbeste jende egoteko. Kanpoan egiten zuen hotzarekin.