Motibazio saioak eskoletan 2010

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko urr. 6a, 14:10

Urriaren hasieran egin dira, Azkoitian eta Azpeitian. OHOko 5 eta 6. maila eta DBH 1 eta 2 ko ikasleei eman zaizkie, Errezilen txikiei. Guztira egin diren saioetan 600 bat ikasletik gora izan dira motibazio saioetan parte hartu dutenak, saio bakoitzeko 150-160 inguru, irakasleak ere ikusle zirela.   


Eneritz Artetxe eta Nekane Zinkunegi Xabier Munibe ikastolako ikasleekin

  • Azkoitian: Floreaga Ikastetxean eta X. Munibe Ikastolan. Eneritz Artetxe eta Nekane Zinkunegik.
    • Bi eskolen artean talde bat sortu da eta Eneritz Artetxek gidatuko ditu.
  • Azpeitian:
    • Urola Ikastolan Josu Oiartzabal “Xenpelar” eta Eneritz Eizmendik
    • Iraurgi Ikastetxean Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria “Ministrok”
    • Bi eskola hauetan talde bana sortu da. Urola Ikastolan Eneritz Eizmendik emango ditu eskolak eta Iraurgin Xenpelarrek.
  • Azpeitiko Ikasberri Ikastolak ez du motibazio saiorik egiten baina aurten ere bi talde izango dira Jokin Urangak eta Izaro Zinkunegik zuzenduko dituztenak
  • Errezilen txikiei Eneritz Eizmendik emango die bertso-eskola

  Hara hemen adibide modura Nekane Zinkunegik eta Eneritz Artetxek Azkoitian egindakoa:

Orain arteko motibazio saioen formatua aldatu eta bertso-eskolan izena eman dezaketen ikasleei gertuagoko zerbait bezala aurkeztu nahi izan diegu bertsolaritza. Bestalde, oholtza gainetik igorritakoaren hartzaile soilak izan ez zitezen, euren parte hartzea bultzatu nahi izan dugu.

Horretarako, bertso-eskolan (Nekanek eta Eneritzek kasu honetan) egindako ibilbidea azaldu genuen lehenik. Ondoren, bertso batek dituen elementu ezberdinak landu asmoz, ariketa edo jolas batzuk genituen prestatuta.

Hala, hasteko, hiru bat ikasle oholtzara atera eta horietako biri ofiziokako gaia jartzen genien euren artean hitzez arrazoiak bota eta guk bertsotan kantatzeko. Hirugarrenari bakarkako gaia jarri eta berdin egiten genuen.

Errimak eta memoria landu asmoz, errima-katearen jolasa eta mihiluzeko potokumeen ariketa egin genituen. Eta amaitzeko, baita telebistako "Pasapalabra" saioko azken "rosco"-aren ariketa ere.

Azkenik azaldu genien bertsolaritzan doinu asko daudela eta bertso bat kantatzeko orduan egokia aukeratu behar dela. Hori erakusteko bertso triste bat kantatu genien.

Hala bada, besterik gabe, bertso-eskolak zein egunetan eta zein ordutan izango ziren azalduz eta animatzeko esanez amaitu genituen Azkoitiko bi ikastetxeetako motibazio saioak.

 Urtean zehar bertso-eskola guztien artean baterako ekintzak antolatuko dira.

 HELDUEN BERTSO-ESKOLAK

 Azkoitia: (Kultur Etxean)     

  • Jokin Sudupek, astelehenetan, 21:00etan

 Azpeitia: (Erniarraitzen lokalean)     

  • Ministrok asteartean 21:00etan
  • Jokin Urangak ostiralean 18:30etan
  • Hasierako talderako jenderik badago, aukera izango da baita ere. Eguna eta ordua taldearen arabera zehazteko