Krisiari jarriak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko api. 20a, 13:04


IMANOL LAZKANO
I

Nahiz ta amestu ondo izango
ginela bizi guzian,
uste gutxien genuenean
sartu gaituzte krisian.
Atzo artean denok aberats,
gaur denok ezin bizian,
harrapatuta gelditu gara
bankuaren lurjauzian.                           

II
Errepasatzen jarri ezkero
azkenengo urte haueri,
harrokeria punttu bat ere
ez ote zaigu ageri,
zeru bezala saldu zaiguna
bilakatu da aberi,
gezurretako putzu batean
egin baitugu igeri.                                

III
Etxe, autoa edo oporrak
kontsumismoa zutabe,
aurreratutzen saiatu baino
aurrez gastatzea hobe.
Dena kreditu, dena hipoteka
ta bankua denen jabe,
denok aberats sentitu gara
txanpon bat ikusi gabe.

IV
Diruarekin diru egiten
mozkorturikan bankuak
beti kreditu eskeinka ziren
nahi ziren bezalakuak
oinarririkan gabeko planak
gero emaitzak halakuak
bide hortatik etorri dira
ikuilura behi plakuak.                           

V
Orain alferrik aritzea da
egin banu ta bazendu,
aska hustuta nola dagoen
behia ezin da gizendu,
ari direla diote baina
inork ezin du zuzendu,
gizena antzu omen dago ta
plakoari ezin kendu.                             

VI
Nahiz ta ohitura hori ez izan
lehengo aitona zaharrena,
behia ahaztuta ibili gara
denok munduan barrena,
gero hortatik etorri zaigu
konpon ezin den herrena,
behia esnedun izan nahi bada
pentsua eman aurrena.

Doinua: Ari naizela ari naizela