BIZI NAHI ETA EZIN

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko mar. 15a, 20:03

14/03/2010   Ostiralean banatu ziren Neguko Bertsopaper Lehiaketako sariak Beasainen, Usurbe aretoan. A mailan, 18 urtera artekoetan, bi irabazle izan ziren: Amaia Iturrioz "Larunbaten lausoa" lanarengatik eta Eneritz Eizmendi "Bizi nahi eta ezin" sortarengatik. Gainera, Gemma Urteagak goierritar onenaren saria jaso zuen "Betiko zirudiena desagerturik" lanari esker.

Eneritz Eizmendi BIZI NAHI ETA EZIN

Nahiz eta izan mundu guztiak
ahotan darabilena
bizitza oso laburra denez
gozatu ahal den dena
baina gozamen behar zuena
bihurtzean sufrimena
inguratzen zaituena
mina tristura ta pena
hilda bizirik egotearen
adibiderik onena
bizirik eduki araztea
hilik egon nahi duena.


Zure burua betiko loan
utzi nahian pentsatzean
duzun beldurrak momentu oro
jarraitzen du ezetzean
nork daki zenbat sufri daiteken
garaia ailegatzean
baina pentsatzen jartzean
hemendik aurrerantzean
sufrimendua aurki leikela
egoera bakoitzean
lasaitasuna lortu nahi dezu
zerorren heriotzean.


Duzun minaren behin betirako
amaiera nahiz aurkitu
jabetzen zera ezin dezula
zure gorputza mugitu
zure burua hiltzeko ere
aukerak eraman ditu
argatik gerran segitu
nahiz ta indarrak akitu
borroka hontan azkenerarte
ez nuke nahi errenditu
enbarazu bat izatekotan
hemen zergatik gelditu.


Tetraplegia ezintasunak
estu nauka bahituta
burua ez den beste guztia
daukat ezin mugituta
beraz laguntza eskatu behar
duintasuna salduta
familia elkartuta
tristuraz inguratuta
euren laguntzaz amaitu nahi det
nire barruko disputa
maite banaute erailko naute
muxu batez agurtuta.


“Zerbait eskatu nahi nizueke
ahal dudan bitatean
hiltzeko zuek behar zaituztet
nirekin ezinbestean
halere baikor ikusi gauzak
ez datoz zuen kaltean
ni hemendik joatean
bi uso tiro batean
botako dira bizitza hontan
azken aldiz arnastean
nik dena aztu eta zuentzat
askapena iristean”.


Sei dira baietz esandakoak
ta lau ezetz diotenak
hau entzutean aldatu zaizkit
nituen ideia denak
naiz eta asko maiteko nauten
lagundu nahi didatenak
maitasunik garbienak
ezetz dioten haienak
eurak eduki ditu lotuta
ni zaintzearen kondenak
ta ala ere beraiek dira
ni galdu nahi ez nautenak.


Nahiz eta nire familiaren
baiezkoek gaina hartu
gizartearen laguntasunik
ezin leike eskuratu
hitz hutsal hauek erabilita
nire asmoak ukatu
“zure bizia bukatu
hau ezin leike barkatu
arazo denei begietara
behar zaie begiratu”
hau diotenak nahi ta ezina
zer den ez dute probatu.


Gizarte honen printzipioek
dute halako indarra
probatu gabe erabakiaz
zer den ona edo txarra
aspalditxoan pasa zutenez
gizatasunaren marra
aholkuak barra barra
ez alda krudel xamarra
nire esanak betetzearren
espetxeratu beharra
infernutikan zerura joaten
lagundu didan bakarra.


Pena tartean oinarritua
nuen bizi egoera
zure ekintzak ni eraman nau
maitatua sentitzera
nik  bidaiatu al izateko
bizitza hobe batera
zu sakrifikatu zera
etorkizuna galtzera
hau da nigatik egin dezuna
eskertzeko dudan era
zure izena sekretupean
eramango det lurpera.