“MINBIZIA DAUKADALA ESAN DIDATE”

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2007ko mai. 31a, 17:05

Azkoitian, 2007.5.31Xabier Munibe Ikastolaren XVI. Bertso paper lehiaketa. 1. saria  ( 14-16 urte bitartekoen artean )

 

ENERITZ ARZALLUZ

  “MINBIZIA DAUKADALA ESAN DIDATE”

 

1.-Berria entzun eta sortu zen

nire sentipenen guda

bukatzen ez den zulo iluna

zetorren nire burura

nola azaldu, nola onartu

bukaeraren ardura

barnean hainbeste duda

tristea nere itxura

egi gordina ezagutzeko

nire garaia heldu da

zein txikia den bizitzak eta

heriotzak duten muga

 
2.-Jada helmugara iritsia naiz

guztia daukat joana

mundu honetan gelditzen zaidan

denbora daukat emana

hain hurbila dut datorrena eta

hain urruna iragana

baina etsipenaren zama

ez da etorriko nigana

sentitzen baitut egin beharra

geroko utzi nuen dana

beti esateko gogoa izan

ta inoiz esan ez dudana.

 

3.-Nola azaldu ene laztana

jada ez naizela biziko

denbora luzez zure ondoan

ez nauzula ikusiko

baina hala ere maitatzeari

ez diodala utziko

sentipenei eutsiz tinko

maitasuna ez da hilko

azkeneko aldiz maite nauzula

esan zaidazu mutiko

nire ezpainetan irri batekin

geratu nadin betiko

 

4.- Orain benetan ikus dezaket

errealitate bortitza

parean jartzen zaigun orori

aurka eginez zabiltza

dugunarekin ez konformatu

gehiago lortzeko giltza

dirua dugu baldintza

negarra da gure hitza

heriotza aurrez daukagunean

konturatzea da hitsa

irribar batek zenbateraino

alai dezaken bizitza

 

5.-Zail da azaltzen ingurukoen

babes zabal ta beroa

nahiz ta beraien begiradetan

tristura den oparoa

aprobetxatu gelditzen dena

eta onartu geroa

zuena aurrera doa

nirea da igaroa

ez nago triste, barruan daukat

sentimendu arraroa

lortu ezin den zerbaitegatik

borrokatzeko gogoa

 


 


ENERITZ ARZALLUZ