Xebastian Lizasoren bertsoak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko aza. 16a, 18:11

Hauek dira aste honetan Argian datozen bertsoak. Seguru badela azpeitiar bat baino gehiago lurralde haietan perretxikutan ibilia. Xebastianek esandako arrazoiekin bat ez datorrenik ere izango da norbait agian, nork daki. Aukera ederra du bertsoz erantzuteko.

Doinua: Pasaiako plazatik.

I
Ultzama aldetikan
dator arazoa
jasan ezina nunbait
jende erasoa
neurritikan kanpora
omen da jasoa
naturak emandako
opari gozoa.

II
Bilatuta onddoa
aguro saskira
kilo asko bilduak
gehiagon desira.
Onak dauden artean
hori komeni da
utzitakoak bertan
usteltzen baitira.

III
Buru argiren batek
egin omen plana
xox batzuek tarteko
konpontzen da dana.
Ordaindu beharko da
diru sari bana
lehen denentzako zen
naturak emana.

IV
Hesi ta aberetan
gaitza nabarmendu
hori «peajeakin»
ezinda zuzendu.
Nahiz ta lurrak emana
beretzako kendu
onddotara doanak
natura maite du.

V
Lotura klase asko
mendiakikoak
batzuek noizbehinka ta
asko betikoak
afizio ugari
daude modakoak
eskerrak asko dauden
ofiziokoak.

VI
Hizketan jakituna
edo ta ezjakin
gizakia arrotz da
natura gauzakin.
Ez da ezer konpontzen
lege berriakin
beraz, joka dezagun
gizalegeakin.

Xebastian Lizaso