Aurrera doa Bertso Parranda

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko aza. 13a, 14:11

                                
BERTSO PARRANDAKO BIGARREN KANPORAKETA

Bertso Parrandaren bigarren ekitaldia ere lehenbizikoa bezain arrakastatsua gertatu da Azpeitian, Txarrantxa tabernan oraingoa. Ordubete lehenagotik taberna beterik zegoen, baina gerora sartzen joan zirenek ere barruan aurkitu zuten lekua. Ez da erraza, zenbat jende izango zen kalkulatzen. Bazen kanpotik, leihoa zabalduta entzuten egon zenik ere.

BAX eta MAK taldeen artean zen oraingo neurketa, bakoitza bere jarraitzaile zaratatsu eta sutsuekin. Talde bakoitzaren lehenbiziko bi ariketatan ez zen alderik nabarmendu, hau da, ofiziotakoan eta bakarkakoetan pare-parean aritu ziren. BAX taldeko Aitor eta Josuren debuta, Beñat beteranoaren babesean arrakastatsu ari zen gertatzen eta MAKeko beteranoek ez zieten alderik ateratzen, iaz finalistak izan ziren hauek. Puntutan MAK taldeak ‘zakarrontziari’, hau izan baitzen beren gaia, etekin gehiago atera zion ordea, BAX taldeak ‘erretzaile izan eta bertso afarian erretzerik ez izatearen egoerari’ baino. Hortxe atera zioten aldea eta beraz finalerdietarako sailkatuta daude MAK taldea osatzen duten Ministro, Ander Urbieta eta Kurku. Saioa azkarregi amaitu zitzaion nonbait jendeari eta bukaerako agurrak eta emaitzak jakinarazi orduko, jendea “beste bat!”, “beste bat!” oihuka hasi zen. Ministrok eta Beñat Lizasok ase zuten jendearen neurketa gosea, buruz buruko saio batekin, tartean desafio kutsua eta guzti erakutsiz, baina neurketa egiteko ez ziren baldintzatan ados jarri, apustu askotan gertatu ohi den bezala, eta horretan gelditu zen dena.

Datorren ostiralean dugu hurrengo neurketa, jendearen arrakasta ziurtatua izango da han ere.

♦    Azaroak 17, ZURT (AZKOITIA):  Gaueko 11:00etan 

JOLIN:

·        Jokin Uranga

·        Lide Rekondo

·        Nekane Zinkunegi

ZAHARRAK:

·        Josu Azpillaga

·        Eduardo  “Kaminburu”

·        Joxin Iturrioz

AURKEZLEA: Miren Segurola

EPAILEAK: Karmelo, Juantxo