TTIPak emakumeengan izango duen eragina ezagutzeko hitzaldia izango da asteazkenean

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2016ko api. 18a, 09:44
\'Ekonomi Akordioak noren mesederako eta nortzuen kontura? TTIPak emakumeengan duen eragina\' izenburupean hitzaldia izango da asteazkenean, apirilak 20, Emakumeen Txokoan. TTIPak emakumeengan izango duen eragina ezagutarazteko hizketan arituko da Lurea Undagoitia, Mugarik Gabe elkarteko kidea. Emakumeen Mahaiak antolatu du hitzaldia. \ \ AEB eta Europar Batasunaren arteko araudien parekatzeak, emakumeon bizitzan eta gorputzetan konpondu ezinezko ondorioak izango ditu. Lan eskubideen murrizketak eta zerbitzu publikoen pribatizazioak, emakumeon enpleguen prekarietatea, pobreziaren feminizazioa areagotzea eta “generoen” arteko zein norbanako eta kulturen arteko ezberdintasunak handitzea eragingo du, zaintzan eta etxeko lanetan denbora gehiago eskaini behar izatearekin batera. Rol patriarkalen erreprodukzioa behin betikotuz. \ \ Aisialdia, formazioa, pertsonen arteko harremanak, bizitza sozial, politiko, kultural eta ekonomikorako parte hartzea eta gure gorputzaren gaineko zaintzarako denbora gutxituko da ,eta horrek, emakumeon bizitzetan, izugarrizko eragin kaltegarria izango du. Guzti horren inguruan arituko dira hizketan asteazkenean Emakumeen Txokoan.