EKONOMIA FEMINISTA- Laburbilduz...

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2012ko mai. 10a, 21:21

EKONOMIA FEMINISTA- Laburbilduz…

Denbora gutxian, antolaketa ekonomikoaren barnean aldaketa nabarmenak gertatu dira. Etxea, baserria, oinarri zuen antolaketa batetik, herrialde, Estatu mailako antolaketa batetara igaro ginen, eta gaur egun estatuez gaindiko edota ekonomia globalizatu batetaz hitzegiten da. Hau da, maila kolektibo txikietako ekonomiatik, inork kontrolatzen ez dituzten egitura “fantasmen” menpeko ekonomia batetara pasa gara.

Pertsonen oinarrizko beharrak ahalik eta baliabide gutxienak erabiliaz asetetzeko balio duen ekonomia batetik (ekonomia “arte” moduan ikusten zuten Greziarrak, adibidez), kapitalen pilaketa eta etengabeko kontsumora bideratzen den ekonomia batetara igaro gara, eta hemen, patriarkatua kapitalismoaren aliatu trebea izan da.

Egun ezagutzen dugun ekonomiaren ikuskera moldatu duten teorikoek, sistema ekonomikoaren antolaketa berriak definitzen joan diren momentu beretik, emakumeak produkzio esparruetatik urrundu dituzte, beraien papera erreprodukzioari lotutako esparruetara mugatuz. Jendearen lan-aukerak sailkatzen joan dira, gizonena bide batetik, emakumeena bestetik. Honela, benetako lan-aukera askeak, lekurik gabe geratzen joan dira.

Emakumeen gain geratu da zaintzaren ardura, pertsonen ongizatearen ardura, eta trukean, antolaketa edota erabakigune ekonomiko nahiz politikoetatik kanporatuak izan dira. Ondorioz, teori ekonomiko neo-klasikoek diotenez (egun unibertsitateetan ikasten eta bultzatzen direnak, hain zuzen), pertsonak ez dugu kontatzen, ondasunak-gauzak kontatzen dute. Jendartean desberdintasunak areagotzen dira, baina horrek ez du axola. Ekonomia “arte” izatetik, zientzia izatera pasa da.

Egun, ematen ari diren eskubide sozialen aurkako neurrien inguruan, emakumeak asko daukagu esateko, asko proposatzeko, eta alternatiba errealei bide egiten ari gara. Horren adibidea, ekonomia feministatik egiten diren hausnarketa eta proposamenak dira. Zaintza, ekonomia azterketaren erdigunean jarri, eta pertsonen ongizatea gure eredu ekonomikoaren ardatz bihurtu behar dela baieztatzen du. Emakumeak ekonomiaren sujeto eta protagonista bihurtu behar dute, gizonezkoen maila berean.

Beraz, jendarte osoari lotzen zaion ariketa erreal eta positiboa planteatzen da ekonomia feministatik. Jendearen beharrei adi egon, eta horren araberako ekimenak bultzatzen dira. Hori da genero aurrekontuen abiapuntua ere. Herritarren, hau da, emakume zein gizonen, eskura dauden baliabideak eta horien erabilpena  ezagutu, sortzen diren beharrak aztertu, eta errealitatearen azterketa sakonak ematen dizkigun erizpideak erabiliz, guztiok kontutan izango gaituen aurrekontuak definitzea.

***Guzti honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, Azpeitiko Emakumeen Txokoan “Ekonomia Feminista”ren inguruko hitzaldia ikusgai dago. Hizlaria: Yolanda Jubeto (EHUko irakasle eta ekonomilaria).