HELDUTASUNERA IRISTEAREN PLAZERRA

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2012ko ots. 18a, 13:25

 

         Orain dela hamarkada batzuk, handitan zer izan nahi genuen galdetu baziguten, honakoa erantzungo genuen: medikuak, rockerak, amak, astronautak.

        Orain, bizi izandakoari eta Azpeitiko Jabetze Eskoletan Pepa Bojók eskaini duen ikastaroan ikasi dugunari esker, badakigu ez dela hain garrantzitsua zer izango garen bihar, nola bizi garen gaur egun, baizik. Saio horietako aurkikuntza handiena hauxe izan da: etorkizuneko espektatibak ezin dutela oraina hipotekatu, eta ezin dugula iraganak utzi dezakeen zamaren eraginarekin bizi. Garrantzitsua oraina da.  

        Ikastaro hori bakerako espazioa izan da, bihozberatasun faltsurik gabekoa, garen moduan geure burua maitatzen ikasteko espazioa; ez izan nahi genuen moduan, ez-eta izan behar genuela esan ziguten moduan. Gure burua maitatzen ikasi dugu.

        Pepa-k erakutsi digu, gainera, konfiantza eta konfidentziarako espazio bat konpartitu dezakegula, ezezagunak izanik, gure burua islatuta ikusten dugun pertsonekin. Biografia anitzetako eta bizi-une ezberdinetan dauden emakumeak gara, baina emozio eta diskurtsoaren baitan elkar-ulertzen gara. Ez ginen ezagutzen, eta gaur maite dugu elkar.

        Etorkizunaren aurrean genituen beldurrak trukatu ditugu, eta zahartzea deitzen duten hori, “amaiera” izan beharrean, “puntu eta jarrai” izateko, gozamenerako eta pozerako garaia izan dadin tresnak aurkitu ditugu. Horregatik, garai hori nola bizi nahiko genukeen gaur zuekin partekatu nahi dugu:

        Gure buruarekin gustura egon nahiko genuke. Horregatik, eta gaurtik aurrera, gure gorputza zainduko dugu eta ez dugu gure arima oinazetuko, lehengo akats moduan bizi ditugunak gogoratuz.

Gainera, etorkizun betea bermatuko diegu geure buruei dekalogo hau jarraituz:

Ahalegin bat egingo dugu gure gordelekutik ateratzeko. Lagunekin harremanak izango ditugu; zein garrantzitsuak diren beraiek bakartasuna uxatu, eta batez ere, geure burua ezagutu eta indartzeko!

Guk, besteen zer esanaren menpe ez egoteko, eta ez ezagutu eta maitatzen ez gaituztenen iritziak ahazteko konpromisoa hartzen dugu, benetan gogoko dugun eta betetzen gaituen hori egiteko; hau zaila izango da, herri ez handi baten bizi eta emakumeak garelako, beti susmopean dagoen kolektibo bateko kideak garelako.

Lana egin nahi dugu, baita etxetik kanpo ere, eremu publikoan erlazionatu ahal izateko, eta gure gaurko eta biharko burujabetasun ekonomikoa bermatzeko.

Kolektibo anitzetan parte hartu nahi dugu herritar gisa – ez bakarrik emakume edota adinekoenetan-. Eskubideak borrokatu eta aldarrikatzeko neurriak proposatzen diren guneetan egon nahi dugu (mugimendu politikoetan, sindikatuetan, gizarte mailakoetan). Jendarteari eskaini nahi diogu gure bizitzaren bitartez oparitu diguna, eta, baita ere, baztertzen gintuen bitartean ikasi duguna.

Eta ikasten jarraitu nahi dugu, gertatuko litzaigukeen okerrena mundua eta bertan bizi eta mugitzen den jendearen inguruan gertatzen denari buruzko jakinmina galtzea litzateke.

Baina, helduak garenean, bizitza osatu bat izatea ez dago bakarrik gure esku. Botere publikoen partaidetza behar dugu, eta hasteko, heldu edo adinekoen inguruan zabaltzen duten diskurtsoa aldatu dezaten eskatzen diegu.

Gaur zimurra ez da ederra. Zimurra, lotsatuta, desagertu egin da komunikabideetatik egiten duten gutxiespen bonbardaketa horren atzean; “biztanlegoaren zaharkitzea” moduko adierazpenak erabiliaz, Gizarte Segurantza eta herrialde osoko pobretzearen sortzaileak bihurtzen gaituzte, helduak izan edota hemendik gutxira izango garenoi. Sinestarazi nahi digute ez garela produktiboak, ez garela inoiz izan; eta gaur egun dauden Imserso-ko bidaiak, eguneko zentroak edota egoitzak ez ditugula merezi esanez zigortzen gaituzte.

Hori guztia mantentzea nahi dugu, eta autonomia izatea bermatuko digun errenta duina nahi dugu, ez gaurko pentsio lotsagarriak. Gero erakutsiko diegu guk botere publikoei, hori egiten badute, ez dutela dirua alferrik erabili. Jende nagusiak inbertsioak egiten, eta erosten dakiela; ekonomia berrindartzeko aukera bat eskatzen dugu.

Diskurtsoa aldatzen bada, belaunaldi gazteagoak, gu pertsona gaixo modura ikusteari utziko diote. Ajeak ditugu tarteka, baina ez daukagu izurria. Belaunaldi-arteko bizikidetzarako espazioak eskatzen ditugu, ile urdin eta ile-mototsak baino haratago doazen elkartasun sareak sortu ahal izateko.

Gizonen kolektiboak bezala, erretirorako sarrera nahi dugu. Dagoeneko emakume-kanguro-erizain ikuspegia agorturik dago. Maite ditugunak zaintzen jarraituko dugu, baina ez gure osasunaren truke. Horregatik, Dependentzia Legea mantendu eta zabaltzea exijitzen dugu. Esaten digute krisiak arriskuan jarri duela legea, eta horrek, arriskuan jartzen gaitu, emakume eta heldu gisa.

Bide berdinetik, osasun publiko egokia eskatzen dugu, eta Geriatrian adituak direnengatik artatuak izatea aldarrikatzen dugu.

Ezagutzen ditugu bakarrik bizi diren pertsonak, beraien beharretara egokitzen ez diren etxebizitzetan. Egoera hori ez da egokia ez beraientzat, eta ez guretzat. Bere etxean bizi nahi duenaren nahia ulertzen dugu, baina horrez gain, zerbitzu eta eremu bateratuak dituzten apartamentu tutelatu edo babestuen beharra nabarmendu nahi dugu; horien kudeaketan parte-hartzera konprometitzen gara. Kooperatiba moduan garatutako elkarbizitza solidarioan sinesten dugu.

Gure bizitza ereduaren inguruko erabakiak hartzeko autonomia aldarrikatzen ari gara, azken finean.

Helduak gara edota izango gara, baina pertsona heldu bat ez da hildako pertsona bat. Emakumeak, edozein adinetan, bizirik gaude, pertsona oso aktiboak gara, eta emateko asko daukagu.

Eta, gainera, dantzatu nahi dugu!.