"Ederragorik bada, baina lan ederra izan da hildako palestinarren izenak bizira ekartzea bost orduz, 200 herritar baino gehiagoren ahotsean"

Israelek hildako palestinarren izenak irakurri zituzten pasa den ostiralean plazan. Parte hartzaileek erakutsitako jarrera eskertu du Elkar-ekinek eta genozidioaren aurrean mugitzen jarraitzea beharrezkoa dela adierazi du.

Izendatzen dena badenez, hildako lau mila inguru palestinarren izen deiturak aire zabalean eta euri artean ozen esanda, geure begien aurrean gertatzen ari den genozidioa salatu dugu Azpeitian. Ederragorik bada, baina hala ere, lan ederra izan da hildakoen izenak bizira ekartzea bost orduz, 200 herritar baino gehiagoren ahotsean.
 
Horien artean abendu hasieran hil duten Refaat al-Areer poeta dago, eta horrela hasi zuen hark bere azken poema:
 
”Hil behar badut
zuk bizi behar duzu
nire istorioa kontatzeko”.