"Migratzaileak ibaia zeharkatzen hasi dira"

Elkar-ekinek honako kronika hau idatzi du larunbatean Irungo mugara egin zuten irteeraren inguruan.

Larunbateko 8:30ean elkartu eta segituan abiatu ginen Irunera. Autobusez joatea zen hasierako asmoa, baina hamahiru lagun ginenez, hiru kotxetan egin genuen joan-etorria. Gutxi baino gogotsu, arrastoa utziko zigun eguna genuen aurretik. Udaletxe plazara iritsi orduko suma zitekeen mugimendua. Migratzaileak eta Irungo Harrera Sareko kideak bilduta zeuden mahai baten inguruan. Iritsi berrien artean, gizonezkoak ziren gehienak, baina baziren haurrak besoetan zituzten emakumeak ere.

Harrera Sareko kideak plaza horretan egoten dira egunero-egunero, goizeko hamarraterako. Migratzaileei oinarrizko informazioa ematen ahalegintzen dira, horretarako propio prestatua duten txoko batean: non dauden, zein den mugaren egoera, nola iritsi daitezkeen Baionara, zer aurkituko duten bertan, garraio publikoak zer ordutegi dituen, ibaia zeharkatzeak izan ditzakeen arriskuak, non hartu dezaketen aterpe, non arropa eta non oinarrizko beharrak asetzekoak. 

Azken asteotan, egunean hamar persona inguru iristen ari dira Irunera, autobusez eta trenez, Afrikan zehar eginiko bidaia latza atzean utzita. Harrera Sareko kideak harrituta zeuden asteburuan iritsi zen kopuruarekin, goizean 40 inguru zirela esan ziguten, baina arratsalderako 140 inguru zituzten identifikatuak: "Ez dakigu zergatik, agian, Kanariar Uharteetako irteera arindu dutelako izango da, baina ez da ohikoa gaur iritsi den kopurua. Jakina, lan gehiago suposatzen digu horrek, eta boluntario gehiago behar dira guztiei lehen harrera bermatzeko".

Oihana izan genuen gidari eta hizlari egun osoan zehar. Eskertzekoa, benetan, nola hartu gintuen. Plazan egiten zaien harrera ikusi, eta bertan eman zizkigun lehen azalpenak. Hasteko, plazatik hurbil dagoen arropa bankura eraman gintuen, eta bertan zegoen emakumeak eman zizkigun horren nondik norakoak: "Ahal den neurrian, migratzaileei aukeratzen uzten diegu zer arropa jantzi nahi duten. Askotan, modu berean jantzita etortzen dira, Gobernuz Kanpoko Erakunderen batek eman dienarekin, eta bakoitzari arropa propioa eta beraiek aukeratua emateak pertsonago egiten dituela uste dugu". Arropa bankua ere egunero irekitzen dute.

Handik, Santiago zubira eraman gintuen Oihanak, eta aurrez entzundakoaren lekuko izan ginen: kontrolak, burdinezko hesiak eta polizia autoak nonahi. Zubitik zubira, Santiagotik Behobiara, oinez egin genuen bidea, galdera, geldialdi eta azalpenen artean. Migratzaileek ibaia non zeharkatu ohi duten ere azaldu zigun, bidean gindoazela: "Askok ez dakite igeri egiten, erraza ikusten dute, edo desesperazioak eramaten ditu erraza ikustera. Bai ala bai pasatu nahi dute muga, presa handia izaten dute, baina baita neke fisiko eta psikologiko izugarria ere. Neke horrek, desesperazio horrek, ez die laguntzen arriskuak ondo neurtzen". Ziburuko heriotzen inguruan antzeko iritzia eman zigun: "Guk modu batera ikus dezakegu, baina hain txikituta dagoen, hain jota dagoen, hainbeste tentsio duen persona batek beste era batera ikusten ditu momentua eta arriskua". 

Erdigunera itzultzeko autobusa hartu genuen. Mugan polizia asko zeudela-eta atzera Irunera zetozen errefuxiatu batzuekin solasean aritu zen Harrera Sareko kidea. Oinarrizko informazioa eman, galdera batzuei erantzun eta plazako informazio puntura joateko gonbita egin zien.

Autobusetik jaitsi eta Gurutze Gorria ezagutzera eraman gintuen: migratzaileen presentzia handia zen bertan, baita momentuko etorria ere. Aurrez topatu genuen errefuxiatuetako batek sarrera ukatu berri ziotela kontatu zigun: "Urtebete baino gehiago daramat estatuan, eta, horregatik, ezin dudala aterpe hartu esan didate". Egoitzaren ondoan, espaloi batean, bi kanpin denda zeuden, Harrera Sarekoek kanpoan gelditzen direnei utzitakoak. Gurutze Gorriko egoitzan oheak hutsik daudenetan ere, kasu askotan, horietan lo egin behar izaten baitu jendeak.

Kilometro asko egin genituen oinez ordurako, eta bazkaltzeko ordua ere iritsi zen. Harrera Sareko lagunek Irungo elkarte batera eraman gintuzten jatera. Azpeititik joandakoak, sareko kideak eta egun horretan iritsi ziren hainbat pertsonak elkarrekin bazkaltzeko aukera izan genuen bertan. Urruñan bizi den lagun batek mugaren bestaldean bizi den egoera azaldu zigun ondoan suertatu ginenoi: "Hendaia, Urruña eta Ziburu inguruetan edozein unetan ikus daitezke migratzaileak, kale bazterretan, eta, kasu askotan, noraezean. Muga pasatzea lortu dute, baina aurrera ezin eginda gelditu ohi dira. Zer egin jendea horrela ikusita? Nik eraman izan ditut kotxez Baionara. Orain dela bi hilabete, migratzaileak neramatzala atxilotu ninduen poliziak". Bazkaltzen hasi eta ez ziren minutu asko pasatu Harrera Sareko kide batek telefono deia jaso zuenetik: "Migratzaileak ibaia pasatzen ari dira".

Barrutik mugituta, eta, aldi berean, oso eskertuta eman genion amaiera irteerari. Eskuzabalik hartu gintuzten Harrera Sareko kideek, eta elkarren berri izatekotan agurtu ginen.