Arrazakeriaren aurkako eguna, aniztasunaren aldeko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2018ko mar. 21a, 11:52

Azpeitiar ugarik joan behar izan du, historian zehar, munduko hainbat txokotara, beste zenbait herrialdeetakoak urteen joanean Azpeitian kokatzen joan diren bezalaxe. Horrela egin da gure historia, horrela sortu dugu kolore anitzeko Azpeitia eta zorionez, arraza, hizkuntza, pentsamendu eta kultura ezberdinetako herritarrak aurki ditzakegu herrian.

Martxoaren 21a, arrazakeriaren aurkako eguna dena, aniztasunaren inguruan hausnartzeko eguna izatea proposatzen dugu. Izan ere, denok daukagu geure barnean har arrazista hori, hots, denok gara neurri batean arrazista, eta norberetik hasi behar dugu pauso txikiak ematen.

Bakoitzak bere inguruan ditugun harreman eta jarrerei buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen zaituztegu. Auzokideari diosala egiterakoan, parkean esertzerakoan, kalean gurutzatzen garenean, lanean elkarrekin dugun tratuan, eskolan, jolasean, eta abar. Beste herrialdeetako herritarrekin abegikorrak izaten saiatzen garen ala gure jarrera beldurtia eta mesfidatia den, kalean topo egindakoan lagunkoiak garen eta eskua luzatu ohi dugun ala bestaldera begiratzen dugun. Azken batean, gure jarrera irekia ala itxia den.

Euren ezaugarri propioak errespetatuz hasi behar dugu geureak irakasten. Bakoitzaren berezitasunetik abiatuaz errazago lortzen da pertsona batengana hurbiltzea eta bere garapen soziala zein pertsonala herriko kultura eta hizkuntzara erakartzea.

Bestalde, euren familia eta herrialdea utzi eta bidaia luze eta arriskutsuak egin behar izateaz hausnartzera gonbidatzen zaituztegu. Gerrak eta ondorengo goseak eragin zuten gure arbasoek urrutiko herrialdeetara emigratu edo han errefuxiatu behar izatea. Egun, beste batzuk dira egoera horretan daudenak, baina historiaren patua ez da asko aldatu.

Gaur egun, armagintzako industria negozio borobila bilakatu da Estatuarentzat eta bankuentzat, diru publiko kopuru ikaragarriak xahutzen dira urtero armak erosteko. Noiznahi gerra berriren bat prestatzen digute, ejerzitoak ezinbestekoak direla aldarrikatuz. Euskal Herrian 100 lantegi inguru daude armagintzarekin lotura zuzena dutenak. Honek zer pentsatua eman behar liguke.

Maiz, guk sortutako gerrek eta armek eragiten dituzte errefuxiatuak eta emigranteak. Guk, europarrok, pobretu ditugu munduko herrialde asko, haien aberastasunak, mineralak, lehengaiak, arrantza, elikagaiak, eta abar xurgatuz. Gure ongizate maila igo dugu haiek pobretuz; gero, hona datozenean ateak ixten badizkiegu ere. Guk, europarrok (euskaldunok barne), harresiak eraikitzen ditugu, legeak ezartzen ditugu, ateak ixten dizkiegu, baina komeni zaigunean ateari zirrikitua irekitzen ere badakigu, sasoiko jendea etor dadin, geuk egin nahi ez ditugun lanak egin ditzaten gure ongizatea mantentzeko, geuk egin nahi dugun baino merkeago lan eginez, krisitik ateratzen lagun diezaguten...

Sistema bera ere ongi baliatzen da herritarren artean arrazakeria eta xenofobia sustatzen. Honek ez du beste funtsik, herritarren artean ghettoak, ez ezagutzak, ezinikusia eta bazterkeria iraunaraztea baino.

Azpeitian elkarbizitza abegikorra eraiki behar dugu, non pertsona egongo den kolore, ideia, kultura eta hizkuntza ezberdinen gainetik, non aniztasuna aberastasuna izango den eta ez arazo, non gure herrian inor ez den arrotz sentituko, non herritarren eskubide berdintasuna ez den esaldi antzu bilakatuko.