Mahmoud Traorek 'Samba, un nombre borrado' dokumentala aurkeztuko du Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin | Gizartea | Lotura
2018-03-09 14:10

2005ean, Mahmoud Traore izeneko senegaldar gazteak Ceutako harresia saltatu eta Espainiara iristea lortu zuen. Hiru urte eta erdi behar izan zituen Senegaletik atera eta Espainiara iristen. 200 etorkin inguru ahalegindu ziren berarekin batera harresia igarotzen, baina ahaleginean 5 lagun hil egin ziren.

2014ko otsailaren 6an beste sarraski latz bat gertatu zen Ceutako harresiaren ertz batean: 400 pertsona inguruko talde bat, El Tarajal hondartzatik muga igerian gurutzatzen ari zirela, Guardia Zibilak gomazko pilotak eta negar eginarazteko gasak bota, eta 9 etorkin hil zituzten. Horien artean zegoen Samba, Mahmuden herrikidea. Sarraskiarekin hunkituta, Sambaren arrastoa ikertzea eta bere familia aurkitzea erabaki zuen. Horretarako, Europara etortzeko egin zuen bidea, aurkako noranzkoan egin zuen Mahmoudek. Hor hasten da 'Samba, un nombre borrado' dokumentalaren istorioa.

Martxoaren 21ean Arrazismoaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aitzakiatzat hartuz, martxoaren 19a eta 21a bitartean Mahmud, dokumentaleko protagonista, Azpeitian izango da dokumentala aurkeztuz eta solasaldiak eskaintzen. Batetik, Azpeitiko hiru ikastetxeetan eskainiko ditu solasaldiak. Bestalde, martxoaren 19an, astelehenean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean dokumentalaz eta solasaldiaz gozatzeko aukera izango da. Azken urteetan, Europaren mugak are gehiago blindatu diren heinean, hazi egin da Europara iristen bizitza galtzen duten pertsonen kopurua. Dokumentalaren eta solasaldiaren bidez, etorkinek Europara iristeko egin beharreko bidaia amaiezina ezagutzeko eta hausnartzeko aukera izango dugu.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa