"Duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin | Ekonomia | Iruzkina
2017-08-29 15:57

Uztailaren 3a, langile bat prekarietateak eraila Azpeitian.

Abuztuak 25a, beste langile azpeitiar baten heriotza.

Lerro hauen bidez, lehendabizi elkartasuna adierazi nahi diegu lan heriotzak hurbil sufritu dituzten familia, lagun eta lankideei.

Ez dira bi hilabete igaro bi berri latz hauek kolpatu gaituztenetik. Eta tarte honetan,zoritxarrez, beste hainbat dira Euskal Herrian hil diren langileak.

Karrantzan, Durangon nahiz beste zenbait txokotan 8 langilek galdu baitute bizitza 8 aste hauetan. Asteko langile bat.

2017. urtean 8 pertsonek galdu dute bizitza lanean edo lanera bidean zirela gure eskualdean. Hego Euskal Herrian berriz, 42 izan dira lan istripuetan hil diren herritarrak.

Datuek nabarmen adierazten duten gisan, heriotza hauek ez dira zoriaren ondorio. Ez dira kasualitatea. Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Prekarietatea izena duen arazo baten aurrean gaude. Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar. Lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak.

Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Kapitala bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa hain zuzen ere. Izebergaren puntan ditugu heriotza hauek.

Nahikoa da. Jasanezina da egungo errealitatea. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko. Ezin dugu hurrengo heriotzaren zain egon. Irabaziak lehenesteari utzi eta lan segurtasunean, lan baldintza egokiak bermatu behar dituzte enpresari eta erakundeek, prekarietate egoera guztiekin amaituz, eta herritar guztien eskubide sozialak eta laboralak bermatuz.

Bizi dugun egoera jasangaitz hau irauli beharra dago. Horretarako beharrezkoa izango da eremu ezberdinetan herritarrak antolatu eta borroka egitea. Egoera hauek ez baitira berez aldatuko.

GAZTETXEA
ELA
LAB
ERNAI
ELKAR-EKIN
CNT
EH BILDU

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa