Eguraldi txarraren kasuan Sanagustinen egingo da 'Makina zoriontsuak' emanaldia bihar

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2015ko uzt. 28a, 09:19
Eguraldi txarraren kasuan Sanagustin kulturgunean egingo da 'Makina Zoriontsuak. Uda gau bat fabrikan' emanaldia, bihar, hilak 29, 22:00etan.\ \ Bihar goizean hartuko dugu azken erabakia, eta momentuan bertan emango dugu horren berri. Emanaldia uztailaren 17ean egitekoa zen hasiera batean, baina eguraldiak ez zuen lagundu eta bihar arte atzeratzeko erabakia hartu genuen orduan. Biharko ere iragarpen onik ez dugunez, Sanagustinen egiteko aukera aztertzea erabaki dugu.\ \ Fabrika huts baten ideiatik abiatuta, antzerkia, musika eta poesia erabiliko dira gaurko gizartearen gainean gogoetak, kezkak, galderak eta iritziak plazaratzeko. Duela zenbait hilabete egin genuen aurreneko bilera, eta geroztik ekarpen ezberdinekin osatzen joan gara ostiralean aurkeztuko dugun emankizuna.\ \ Honako herritarrak izango dira emanaldian parte hartuko dutenak: Xabier Gantzarain, Xabi Borda, Leire Arenas, Juan Azpillaga, Nekane Zinkunegi, Jon Gurrutxaga, Felipe Murillo, Haizea Egiguren eta Xanti Agirrezabala. Jose Luis Otamendi arduratu da hainbat testu idazteaz eta aukeratzeaz. \ \ Poesia, musika eta antzerkia nahastuko dira emanaldian, eta 50 minutu inguru iraungo ditu. Oholtza, soinua, argia eta aulkiak prest izango dira hamarretarako. Gure asmoa ordutegia errespetatzea izanik, bertaratzeko asmoa dutenei ordurako han izatea eskatu nahi diegu.\ \ Elkar-ekin taldeak beti egin du apustua herriko sektore ezberdinekin elkarlana bilatu eta batera egin ditzakegun ekimenak bultzatzeko. Zentzu horretan, aurrez eskerrak eman nahi dizkiegu kultur sortzaileei erakutsi duten jarreragatik, eta baita Azpeitiko Kultur mahaiari, Sanagustin kulturguneari eta Azpeitiko Udalari ere, beraien laguntza beharrezkoa izan zaigulako ekimena antolatzerakoan.