Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako ekimena egingo du Elkar-ekinek martxoaren 18an

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2015ko mar. 8a, 15:16
1960ko martxoaren 21ean, Hego-Afrikako Sharpeville herrian, milaka eta milaka herritar atera ziren kalera herrialdean bizi zuten apartheid eta arrazakeria egoera bortitza salatzeko. Protesta baketsua bortizki sakabanatu zuten poliziek, 69 pertsona hil eta 186 zauritu eraginez.\ \ Geroztik, egun hau, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna bezala ezagutu da, sarraski hura gogoratzearekin batera pertsona guztioi dagozkigun giza eskubideak aldarrikatzeko.\ \ Mende erdi igaro da gertaera haietatik, baina egun honetan kalera ateratzeko arrazoiak bere horretan jarraitzen dute. Arrazakeria eta xenofobia errealitate gordina dira gaur egun ere, milioika direlarik beraien kolore, sinismen, kultura edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak diren biztanleak.\ \ Azpeitian bertan badira pertsona migratzaileen gaineko aurreiritzi eta jarrera desegokiak. Arrazakeria eta xenofobia zantzuak presente daude elkarrizketa askotan, eta komunitate zenbaiten aurkako iritziak entzuten dira han eta hemen.\ \ Krisi egoera baliatu dute zenbaitzuk ideia hauek lau haizetara zabaltzeko, herritar askok bizi duten muturreko egoera migrazioarekin lotuz eta etorkinei egotziz pobreziaren eta langabeziaren ardura. Datuek, baina, bestelakorik erakusten dute. \ Banku eta korporazio handiak dirutzak metatzen jarraitu dute herritarren gehiengoarentzat hain zailak diren garaiotan. Eta bereziki, azken urteetan lanean aritu diren etorkinak dira une hauetan egoerarik zailenetan daudenak. \ \ Pobreziaren eta langabeziaren ardurak beraz ondo zehaztea garrantzitsua da. Gutxi batzuen neurrira osatutako eredu ekonomiko eta politiko usteldua da langabeziaren, pobreziaren, etxe kaleratzeen eta bazterketa sozialaren arduraduna. Eredu horrek ahalbideratzen du ustelkeria (Ehunaka adibide eman ditzakegu), oinarrizko eskubideen gainean negozioa egitea (etxebizitza eta lana), herritarrei begirako zerbitzu publikoak suntsitzea (Osasuna, zaintza, hezkuntza...). Eredu hau da gehiengoak bazterrera utzi eta gutxi batzuen diru gosea asetzera datorrena.\ \ Esan bezala, arrazakeriari eta xenofobiari dagokionez kezkatzeko arrazoiak izan badira. Baina gai honen gainean herritar askok izan duten jarrera ere txalotzekoa da. Badira hilabete batzuk Elkar-ekin taldetik migrazioaren fenomenoaren gainean hausnarketa egin eta jatorri ezberdineko herritarrak batu eta elkar ezagutzeko ekimen ezberdinak antolatu ditugula. Ekimen hauek oso erantzun ona izan dute herritar askoren aldetik. Honez gain, herriko ikastetxe, aisialdi talde eta kolektibo ezberdinen konpromisoa eta lan eraginkorra ere aipatu nahi genituzke. \ \ Bide honetan jarraitu nahi dugu, herriko sektore ezberdinekin elkarlanean, herri euskaldun, anitz eta justu bat xede dugula.\ \ Zentzu honetan, martxoaren 18an, 19:30ean Telefonika aurrean egingo dugun ekimenean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu herritarrak.