Mertxe Otaegi

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria | Iritzia | Artikulua
2018-04-24 18:07

Azken hatsa eman du Nuarben emakume handi eta maitagarri batek, Mertxek. Mertxe Otaegik. Emakume adoretsua izateaz gain, ama bat eta izeba handi bat izan da. Askok ezagutu dugu Mertxe, eta jakin badakigu azken urte hauek ez direla errazak izan ez berarentzat, ezta bere sendiarentzat ere. Izan ere, gaixotasun larri batek etxean loturik izan du. Gogorra izan da amaiera, eta orain, atsedena hartu du.

Mertxe Otaegiz gauza asko idatz eta esan daitezke, baina nik bat aipatu nahi nuke: zein duina izan den bere ibilbidea. Egunsenti krudel batek ekarri zion inoiz espero ez zuen berria. Burgosko pareta batean bere abizena bortitz oihukatu zutenean militarrek: Otaegi! Eta ondoren tiroak. Bere ahizpa Mariaren semea zen Angel Otaegi, eta heriotza injustu hark markatu zuen, tamalez, bere eta gure herriaren historia.

Putreek beren hegoak zabaldu zituzten, eta barkamenik jaso gabe, justizia gabe eta aitortza gabe, Otaegitarrak zokoratzen saiatu ziren. Baina emakume adoretsu honen eta bere sendiaren aurrean galdu egin dute. Ez zen erraza, baina zorionez Mertxek eta bere senideek gorrotoari maitasunez erantzunda egin dute aurrera. Ez da batere erraza izaten heriotzaren inguruan eraikitzea, baina oroimena eta justizia etengabe eskatuz argia ekarri zuen pixkanaka negu gogorrean. Tristea da heriotza batek bizitza markatzea. Horregatik, ziurrenik, beste bizi bat merezi zuen Mertxek, askoz goxoagoa. Baina tokatzen zaigun bizitzaren aurrean dugun jarrera izaten da beti garrantzitsuena. Pazientzia behar da, baina ez dezagun ahaztu denborak dena bere lekuan jartzen duela.

Horregatik, Mertxe duina izan zen oso. Bizitza osoan. Bere bideak gogorrak, baina aldi berean goxoak izan ziren, sentitzen den maitasunaren bideak izan baitziren bereak. Ez da bizitza erraza izan Mertxerena, baina gu guztion errespetua eta aitortza irabazi du.  

Esango bagenizu, Mertxe, egunsentiak guri ere beldurra ematen digula. Eta guk ere sumatzen dugula iluntzearen ostean iluntze luzeena etorriko dela. Ez gaitzazu bakarrik utzi, gure maitea, ez gaitzazu bakarrik utzi inoiz egunsentian; zuk ez zenuen inor bakarrik utzi egunsentia iritsi zenean, eta guk ere ez zaitugu inoiz bakarrik utziko. Gu garen bitartean zu ere ez zara inoiz bakarrik izango. Oroimena dugun bitartean azalduko dugu Nuarben duintasuna ikasi daitekeela, eta gure artean izango zarela egunsentietan. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa