Jabier Aranguren

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria | Iritzia | Artikulua
2018-02-01 15:52

Jabier Aranguren Agirre Xerraye Udaleko zinegotzi izandakoa hil berri da. Eta Jabier ez zen edozein motatako gizona. Aspaldi hartu zuen Jabierrek konpromisoaren bidea: frankismo garaiko atxiloaldia Donostiako Komandantzian, Ikastolaren alde batzordeko kide egindako lan handia... Gurean konpromisoaren bidea hartu zuen eta miresgarria izan da bere lana. Miresgarria hartu zuen hautua ere. 1979. urtean ez zen erraza ezkerraren aldeko apustua egitea, garai hartan, ezkerra gazteen bekatua zela ez baitugu ahaztu behar.

Langilea zen Jabier, oso langilea eta umoretsua. Espiritu kritiko sakonaren jabea. Ados egon zitekeen egitasmo askorekin, baina aurrez galbahe kritikoa sakon pasatzen zuen. Jende kritikoa gustatzen zitzaion. Maite zituen  berarekin ados egon ez baina jarrera kritikoak garatu eta adierazten zituztenak.

Madalenako semea beti izan zen errebelde, ezeri ehuneko ehunean arrazoirik aitortu gabe. Zentzu horretan, gazteak ulertzen zituen, beharrezko aldaketa bezala ikusten zituen, eta beti defendatzen zituen 'akomodatuen' aurrean. Ekibokatzeko eskubidearen aldarria egiten zuen Jabierrek.

Oro har, aurreiritzi gutxiko gizona zen, tolerantea; gazteekin eta ezberdin pentsatzen zuten guztiekin. Jakituria, ezagutza, jakin-mina... asko baloratzen zituen. Gizarteari egindako ekarpenak onartzen zituen, izan abertzaleak ala ez abertzaleak, kontserbadoreak edo aurrerakoiak. Baina gizartearen aldatu beharra izan zen bere kezka nagusia.

Bere eskuek edozer konpontzeko abilezia zuten. Artista handia zen edozein aparatu puskatu eta berriz osatzen. Etxea kablez eta piezaz josita izaten zuen. Edozer konpon zezakeen, baina aurrez desmontatu egin behar zuen. Lagunen lagun handia zen, mendizalea eta musean koinatuarekin nagusi izaten zen.

Pertsona ona eta oso azkarra zen Jabier. Begirada sarkastikoa egiten zien bere lagunarteko ohiturei, umore zirikatzailea zuen. Inteligentea. Azpeitiarkeriak behatzen ere fina, oso fina. Eraman zailak egiten zitzaizkion harrokeria, handikeria, atzerakoikeria eta sineskeriak. Punta zorrotzez aritzen zen.

Ez da erraza edozer gairen inguruan idaztea. Heriotzaz jardutea inoiz ez da erraza. Nork esango zidan lagun on baten aitaren heriotzagatik idatzi beharko nuela. Pena da, baina ezagutu genuenontzat gugan geratuko da. Ezin hobea zen Madalenakoa. Faltan botako dugu, ez baitira bera bezalako asko izaten herrietan.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa