Arrupe hotel baten izena baino gehiago da

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2016ko abu. 6a, 16:29
Arrupe hotela.

Pedro Arrupe euskal jesuita gaztea 1940 urtetik Japonian zegoen. Bere eliza-lanak Nagatsukara eraman zuen, Hiroshima ingurura. Han zen Arrupe 1945eko abuztuaren 6ean, estatubatuarrek bonba atomikoa bota zutenean. 08:15etan izan zen, eta denbora geratu egin zen. Milaka hildako eta zauritu. Bonbak lurra ukitu aurretik egin zuen eztanda, jendea beroak urtuta  hil zen. Ikaragarria izan zen.

Arrupek ahal zuen guztia egin zuen laguntzeko, bere medikuntza ikasketez baliatu zen, eta  bere testigantza idatzitza utzi zuen Yo viví la bomba atómica liburuan.
Dena kiskalita geratu zen, baino urtebetera Gingko Biloba zuhaitz mitikoa loratu zen, esperantzaren ikurra bilakatuko zen handik aurrera.
 
Eta Arrupe ere esperantzan bilakatu zen, Jesuiten buru aukeratua izan zen, Aita Santu beltza izan zen, eta pobreen aldeko aukera egin zuen. Justiziaren eta giza-eskubideen aldeko apustua egin zuen, eta 1974ko abenduaren 2an fedea derrigorrez gizatasunarengan dauden injustizien aurkako borrokarekin lotu zuen: “Bere zutabeak aberats eta boteretsuekin identifikatzen badira, jabetzaren, zientziaren edo boterearen segurtasunarekin, Konpainiak ezinezkoa izango du justizia eta giza-duintasuna sustatzea”. Ellacuria zenak eta bere lagun jesuitek bazekiten zertaz hitz egiten ari garen, justiziaren aldeko apustua bizitzarekin ordaindu zuen El Salvadorren.
 
Mundua eraldatzen saiatu zen, eta handia izan zen Pedro Arrupe. Eta tristea, oso tristea, izan zen Arruperen amaiera, baino hori beste istorio bat da.