Euskaragatik egiten dugun guztia gutxi da

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2014ko abe. 4a, 08:38

Orain berri jaso dut Mintzalagun ekimeneko eskutitz irekia, eta lehendabizi, bereziki, eskerrak eman nahi nizkieke euskararen alde lanean dabiltzan herritar eta eragile guztiei. Egiten duzuen lana handia da, eta Udaletik eta erakundeetatik esfortzu handiagoa egin beharko genukeela uste dut.

Udalok arazo nabarmenak ditugu euskararen sustapenean aritzeko, besteak beste, euskara ez baita oraindik orain udalen eskumen propioa. Ikusi besterik ez dago Berastegiko Udalari UEMAn sartzeagatik jarri berri dioten demanda. Hala ere, eta inolaz ere beste aldera begira ezin dugulako geratu, Azpeitiko Udalak urrats garrantzitsuak eman ditu euskararen sustapenean, eta euskararen normalizaziorako estrategia garbia du. Horretarako onartu berri du Euskaren Plan Estrategikoa ere, Euskara Patronatuaren eta UEMAren laguntzaz.

Euskara arloan Azpeitiko Udalak, beste Udal gutxik duten zerbitzu publiko bat dugu. Eta eskaintzen ditugun programak ugariak dira; etorkinentzako programetatik hasi eta enpresetaraino iristen diren programak ditugu abian, herritarrei euskara doan eskaintzen zaie, Azpeitiko ikastetxeekin elkarlana koordinatuta dago e.a. Eta guretzat oso garrantzitsua dena, udala bera, funtzionamenduari dagokionez eredu da euskararen normalizazioan. UEMAko gainerako udalerriekin batera hizkuntza politika aurrerakoiak ditugu abian, eta udalerako bertarako ere hizkuntza irizpide aurrerakoiak ditugun martxan. Zerbitzu hauek guztiak eskaintzeak eta mantentzeak, ordea, esfortzu handia suposatzen digu azpeitiarroi, Udal aurrekontuaren parte garrantzitsu bat horretara bideratzen baita.

Horrez gain, herriko zein Euskal Herriko euskara eragileekin elkarlan zintzoa dugu: bertako euskarazko prentsa, aldizkari eta euskarazko telebista diruz laguntzen ditugu, eta euskararen gainean ematen diren urratsak euskalgintzaren adostasuna izatea bilatzen dugu.  Beste hainbat ekimen abian jarri eta babestu ere egin dira azken urteetan; besteak beste,   Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa, Mintzanet, Azpeitiko idazleen webgunea, Korrika, Auzoko ekimena... Azpeitiarrak esfortzu handia egiten ari gara hor ere, guretzat ezinbestekoa baita gure hizkuntza.

 
Gure tamainako herriekin ezin gara alderatu ere egin, hain maitea dugun gure hizkuntzaren defentsan eta sustapenean urteotan luzatu den lana eta esfortzua handia izan baita. Baina esfortzuaz gain, emaitzak ere harro egotekoak dira. Azpeitia da Euskal Herrian, eta munduan, 5.000 biztanletik gorako herrien artean, herririk euskaldunena, eta gaur egun azpeitiarren % 84 euskal hiztuna da gurean. Euskararen arnasgunea da gurea.

Baina, ez da nahikoa. Euskaragatik egiten dugun guztia gutxi da. Horregatik, lanean jarraitu behar dugu.

Udalaren ustez, Mintzalagun ekimenak pisu garrantzitsua du, oso interesgarria da. Mintzalagun egitasmoa udalerri askotan dago martxan. Euskaltzaleen Topaguneak eta AEK-k kudeatzen duten proiektua tokirik gehinetan. Informazioa bildu dugu eta jakin dugunez, udalerri batzuetan koordinatzaileak dauden arren, beraien lana ez da materiala eta eskolak prestatzea. Mintzalaguneko koordinatzailearen lanak honakoak dira: publizitatea egin, prentsarekin harremana izan, kartelak eta horrelako baliabideak kudeatu eta izena ematen duten herritarrekin taldeak sortu eta egun/orduak zehaztu.

Horrenbestez,  ikusten dugu Mintzalagun ekimenekook eskatzen duzuena, nolabait, bidera daitekeela neurri handi batean Azpeitiko Euskaltegitik, beharrezko duzuen material eta aholkua emanez. Euskaltegia horretarako baitago, publikoa, doakoa eta guztiona. Beraz, dugun informazioaren arabera ez dugu uste lanpostu edo koordinatzaile bat kontratatu beharrik dagoenik Udaletik Denbora gutxian egitasmo berri ezberdinak jarri dira abian gurean Mintzalaguna, Auzoko, langabetuentzako ikastaroak... eta horri erantzuteko eragile publiko eta herri-eragileen arteko koordinazioarekin eta elkarlanarekin nahiko delakoan gaude. Hala ere, etorkizunean, horrela egokituko balitz, gaia aztertzeko prestu gaude. Beraz, ekimenak behar dituen beharren inguruko zehaztapenen inguruan aurrez aurre hitz egiteko gure prestutasuna adierazi nahi diet Mintzalagunekoei.

Amaitzeko, eskerrik asko berriro egiten ari zareten esfortzuagatik!