Berri Txarrakek gogoan izan du Iñigo Larrañaga zena Madrilgo kontzertuan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! | Kultura | Lotura
2018-04-16 11:56

Berri Txarrak taldeak Iñigo Larrañaga azpeitiarra gogoan izan zuen joan den zapatuan Madrilgo La Riviera aretoan emandako kontzertuan. Joan den abenduan hil zen Larrañaga, eskiatzen ari zela, Frantzian (http://uztarria.eus/aktualitatea/1514711004). Berri Txarraken Madrilgo kontzertu horretara joatekoa zen azpeitiarra, eta horren berri izanda, hura gogora ekarri eta kantu bat eskaini zion talde nafarrak; bideoan entzun daiteke Gorka Urbizu abeslariak egindako eskaintza.

Gaizka Peñafielek ere jaso du une hori bere webgunean, kontzertuaren kronikaren barruan: "Emanaldiaren erdi aldetik Gorkak hitza hartu eta e-posta berezi bat jaso zutela esan zuen. Izan ere, Iñigo Larrañaga azpeitiarra aretoan egotekoa zen lagunekin, baina urte amaieran zendu zen eskiatzen ari zela. Kasualitatez ondoan genituen Iñigoren lagunak eta momentu triste bezain eder baten lekuko izan ginen. Malkoari ezin eutsiz elkar besarkatu ziren lagun guztiak, nabari zen Iñigok utzitako hutsunea eta zenbat maite zuten ere. Korapilatu egin zitzaigun eztarria une hunkigarri horrekin; lagunarte baten atsekabea eta Berri Txarraken 'Zerbait Asmatuko Dugu' uztartuz". Peñafielen kronika osoa esteka honetan irakur daiteke: https://gaizkapenafiel.com/2018/04/15/berri-txa...

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa