Finantzaketa kolektiboa egiteko epe erdia pasatuta, 4.260 euro lortu ditu #AnnapurnaII_86 proiektuak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2017ko urr. 4a, 17:14
1986an Annapurnako espedizioan parte hartu zuten herritarrak eta haien senideak. (Agustin Arenas)

Herritarren babesa lortzeko asmoz, irailaren 14an hasi zuten diru bilketa Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak www.goteo.org plataforman, eta 40 eguneko kanpaina erdi bidera iritsi denean, lor ditzaketen 10.000 euroetatik 4.260 euro bildu dituzte. Bi helbururekin ari dira finantzaketa kolektiboa egiten: batetik, 1986an Annapurna II mendira hainbat azpeitiarrek egin zuen espedizioan grabatutako dokumentala berreskuratu nahi dute; eta, bestetik, dokumental berri bat egin.

Irailaren 14an, Azoka Herritik egitasmoaren barruan, aurkeztu zuten #AnnapurnaII_86 proiektua Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak, Lagun Onak mendi bazkunaren laguntzarekin, eta egitasmoa gauzatu ahal izateko finantzaketa kolektiboa jarri zuten martxan. Herritarren babesa lortzeko asmoz hasi zuten diru bilketa www.goteo.org plataforman, eta 40 eguneko kanpaina erdi bidera iritsi denean, lor ditzaketen 10.000 euroetatik 4.260 euro bildu dituzte; hau da, bildu nahi duten diru kopuruaren erdira iristear dira egitasmoaren bultzatzaileak.

Bi helburu ditu #AnnapurnaII_86 proiektuak: batetik, 1986an Annapurna II mendira hainbat azpeitiarrek egin zuen espedizioan grabatutako dokumentala berreskuratzea; eta, bestetik, dokumental berri bat egitea 86ko giroa eta espedizioaren aurrekariak jasotzeko.

1986 hartan Joxe Mari Azpiazuk, Josu Bereziartuak, Agustin Madrazok, Agustin Arenasek, Joxe Urbieta Takolok, Pako San Sebastianek, Bixente Arruek eta Jabier Maizek egin zuten Annapurna II igotzeko saiakera.

Bi modu daude proiektua laguntzeko. Diru ekarpena egin nahi dutenek, Goteo.org webgunean edo Sanagustin kulturgunean bertan dute horretarako aukera. Proiektuak, guztira, 24.669,55 euroko aurrekontua du, eta finantzaketa kolektiboaren bidez, gehienez, 10.000 euro jasoko dituzte proiektuaren sustatzaileek.

Proiektuaz erreportajea egin zuen duela aste batzuk Urola Kostako Hitzak.