Alfonso Gallardo Espainiako 100 pertsona aberatsenen artean, Forbes aldizkariaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2016ko aza. 3a, 16:04

Alfonso Gallardo, Corrugados Azpeitia enpresa itxi bitartean haren jabea izan zena, Espainiako pertsona aberatsenen zerrendan kokatu du Forbes aldizkariak. Atzo, azaroak 2, argitaratu zuten zerrenda eguneratua, eta Alfonso Gallardo 100. postuan dago, 400 milioi euroko kapitalarekin.

2013ko abuztuaren 7an itxi zuten Corrugados Azpeitia lantegia, aurreko egunean azken 40 langileei kaleratze agiria eman ondoren. Kaleratzeak hasi aurretik 300 langile zituen Azpeitiko enpresak. Gainera, talde bereko Corrugados Lasao enpresako 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardok abuztu hartan bertan. 

Bi urteko lan gatazka luzea izan zen Corrugados Azpeitiakoa; 2011n hasi eta 2013an itxi zen enpresa. Izan ere, Corrugados Azpeitiako 140 langile kaleratzeko txostena aurkeztu zuen enpresak 2011ko azaroaren 9an. 2012ko urtarrilean ehun langile kaleratu zituen Gallardok, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugadosek aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostena onartu baitzuen (ez osotasunean). Hori dela-eta, enpresako zuzendaritzak eskatuta baino langile gutxiago kaleratzeko aukera izan zuen; 140 langile kaleratzea eskatu zuen. 2012ko ekainean beste 60 langile kaleratuko zituela iragarri zuen enpresak, eta hil hartan 60 langile horiek kaleratu zituzten, baita gainerakoei murrizketak ezarri ere.

Enpresak 2013ko apirilean aurkeztu zuen Lana Erregulatzeko Txostena Espainiako Auzitegi Nazionalean. Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegiez gain, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu zituen orduan Extremadurako enpresariak. 2014ko urtarrilaren 27an izan zen epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Orduko hartan, bere garaian EAEko epaitegiak ez bezala (2012ko abenduan epaitegi hark negoziatzeko prestutasun falta egotzi zion Gallardori), Alfonso Gallardo Taldearen aldeko epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaitegi hark ebatzi zuen Gallardo taldeak "fede onez" negoziatu zuela eta "bizi zuen egoera larriaren barruan, ahal zuen eskaintza onena egin" zuela. Langileek epai hari ere helegitea jarri zieten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ere arrazoia eman zion Gallardo Balboa taldeari 2015eko uztailaren 24an.