Azpeitiko epaitegian zitazioen %94 egin ziren euskaraz iaz

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2015ko urt. 27a, 10:40

Auzia Euskaraz proiektuak jakinarazi duenez, Azpeitiko epaitegiko zitazioen %94 egin ziren euskaraz 2014an. Epaitegiak gaztelera hutsean edo euskaraz eta gazteleraz egiten ditu zitazio horiek. Guztira, 3.742 zitazio egin ziren bi hizkuntzetan, eta 234, berriz, gaztelera hutsean.

Duela bi aste inguru jakinarazi zuen Auzia Euskarazek Azpeitiko epaitegian izapideen %65 egin zirela euskaraz 2014an. Hau da, 59.672 izapide egin ziren euskaraz eta gazteleraz, eta 32.432 gazteleraz.

Auzia Euskaraz proiektua Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute. Hala nola, abokatuek eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaileek eta magistratuek, idazkari judizialek, fiskalek eta auzitegietako medikuek. Ekimenaren helburua da herritarrek hala eskatzen dutenean, auziak osorik euskaraz izapidetzea, eskaera aurkeztetik bulego judizialetako barne tramitazioa egin eta epaia eman arte.