'Zer gertatzen zaie gure politikoei?'

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2011ko ira. 4a, 12:09

Pako Aristik Berria egunkarian idatzitako artikulua.

Zer gertatzen zaie gure politikoei?

(Pako Aristi, idazlea)

Zapaterok hauteskunde nagusien deialdia egitea aski izan da, berriro ere, tamalez, gure politikoek Euskal Herriarekin zer egin eta zer bide ibili ideiarik ere ez daukatela baieztatzeko.

Ikusi dut Bildu abertzaleen arteko koalizio bat proposatuz Aralarri eta PNV, eta harri eta zur geratu naiz. Zelako noraez, nahasmen eta koherentzia eza sumatzen den horren guztiaren azpian. Ez dira urte asko Arnaldo Otegik esan zuela PNVrekin jai dagoela, pagoari ezin zaizkiola madariak eskatu, eta hortik abiatu zen polo soberanista bat osatzearen egitasmoa, PNV kontuan hartuko ez zuena. Ni ere ados nago diagnostiko horrekin: PNVk urte gehiegi daramatza, eta jadanik ez du herri honi ezer berririk eskaintzeko ahalmenik, hain agertzen da beti menderatua, domatua eta otzandua Madrilen aurrean!

Orduan, zertara dator orain berriro PNV inplikatu nahi hau? Zirkuluetan endredatuta gaude, eta inoiz ez dugu aurrera egiten. Hanka sartze berberak behin eta berriz, oker atera ziren ekimen guztien errepikapen etengabea da euskal politika.

Ikusi dut ezker abertzalearen justifikazioa, eta aurrekoak baino are harrituago utzi nau: herri bezala joan behar dugu Madrilera, nazio bezala, esan dute. Ea. Nik uste hemen funtsezko gauza batzuk kokatzen hasi beharra daukagula noizbait. Hauteskundeak dira estatu batek egiten duen gonbidapen bat jendeak parte har dezan. Estatu batek bere boterea legitimatzen du hauteskundeen bitartez, bere lurraldetasuna bermatzen du, eta eskubide guztien iturburua finkatzen du bere egituren baitan.

Espainiak Euskal Herria menderatu egin zuen, eta geroztik estatu inperialista baten errekurtso guztiak erabili izan ditu bere nagusitasunari eusteko. Biolentziaren bidez nagusitu den estatu batek ez du onartzen lurralde menderatuak beste estatu baten aldarria praktikan jartzea bere egituren barruan, eta ez du inoiz onartuko. Era honetan, gezurrak dira hemen funtsezkotzat esan eta errepikatzen diren bi adierazpen: bat, Europak Espainia ez dakit zertara behartuko duela; eta bi, euskaldunok erabaki eskubidea daukagula.

Nazio soberanoak ez dira elkarren barne arazoetan sartzen. Soberania da nazioen harremanetarako pasaporte bakarra, elkar ezagutzen dute nazio soberanoek, elkar errespetatzen, elkar zelatatzen, baina mugak ez dira zalantzan jartzen, eta nazioek ez dute onartzen bakoitzak bere mugen barnean izan ditzakeen arazoei buruzko aholku, presio edo baldintzaketarik.

Eskubideena da beste falazia bat. Eskubideak ez dira eskatzen, edo ez dira ematen. Eskubideak antolatu egiten dira. Eta historiak erakutsi digu, besteak beste, zuk indarra baldin badaukazu daukazula eskubidea, eta indarrik ez baduzu ez duzula eskubiderik izango ezertarako. Ez da eskubide kontua; indar kontua da. Indarra nondik sortzen da? Antolamendutik. Eta antolakuntza nondik datorkio herri bati? Hezkuntza politikotik. Hezkuntzak zer dakar? Estrategia politikoa.

Politikoek haien ezintasuna babesteko erabiltzen dute eskubideen auzia, eta jendea engainatzen dute krudelki. "Eskubidea dugu!", esanarazten diote jendeari. A bai? Eskubidea duzu? Zeinek eman dizu, Madrilek? Madrilek ez dizu ezer emango, bere buruaren kontra doanik behintzat. Eskubidea antolatu egin behar da, zutik jarri. Horrek esan nahiko luke gure indarrak parekatu ditugula Madrilekin. Baina indarrik ez daukanak beti ibili behar du eskubideak eman nahi ez dizkion horri ate joka, eta gu Madrilekin hala gabiltzala iruditzen zait.

Zeren Madrilek hauteskundeak antolatu eta guk herri bezala hauteskundeotara aurkeztu behar dugula esatea ostikada bat iruditzen zait intelijentzia politikoari. Nola aurkeztuko gara gure helburu politikoa ukatzen duen nazio baten hauteskundeetara? Horrek ez du ez hanka eta ez buru. Herri bezala erantzutea hau litzateke: ez aurkeztea hauteskundeetara, ez parte hartzea. Esatea: guk, nazio menderatu bezala, erabaki dugu estatu menderatzailearen hauteskundeetan ez parte hartzea, ez dugulako zuen lurraldetasuna bermatu nahi, ez dugulako zuen legitimitatea zilegiztatu nahi, ez dizuegulako eman nahi eskura gure gainetik dauden eskubideen aginte-makila.

Bildu jaso dituen botoen esklabo da gaur egun; orain eutsi egin behar. PNV inertziarik idorrenaren esklabo da, berriz. Konstituzionalistek, aldiz, zein erraz eta zuzen betetzen duten euren estrategia. Ezetz esaten dakite, Javier Rojo Senatuko presidenteak PNVri esan dion bezala erabaki-eskubidea konstituzioan sartzeko proposamenaren aurrean. Andoni Ortuzarri, aldiz, kazetari xume batek esan dio gauza berbera El Pais egunkarian. Ortuzarrek dionean Ibarretxe planak Madrilen porrot egin zuela, baina Euskadin ez, arraposten dio kazetariak: "Bai, baina legalitatea han dago". Eta Ortuzarrek: "Bai, eta guk onartzen dugu, baina ea ea…".

Gauza ez da konplikatua, Ghandik filmean erantzuten dion bezala agintari ingelesari, honek zera esan dionean: "Zer nahi duzue, gu hemendik alde egitea, besterik gabe?". "Bai, horixe nahi dugu. Besterik gabe". Ghandik antolatu zuen herrialde erraldoi bat. Ameriketako Estatu Batuetan ere bildu zituzten 50 estatu. Euskaldunok ezin ditugu zazpi probintzia txiki bildu?

Esan izan didate batzuetan: "Zu politiko guztien aurka zaude". Ez. Ni politikaren alde nago. Oso, gainera. Gaur, independentziaren aldeko estrategia bat aurkeztuko balute, haien alde nindukate erabat, ni eta zientoka milaka gehiago. Horregatik, tristura ikaragarria sortzen dit politikoek politikarik egiten ez duten gizarte batean bizi beharrak, lan egin beharrak, eta urteak pasa arren ez dugula zipitzik ikasten baieztatu beharrak behin eta berriro.