Semeak galdu nau

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko mar. 4a, 16:03

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa)

Hemeretzigarren mendea azken arnasetan zela, hilketa anker bat izan zen Aiako Muatz baserrian. Garia jotzen ari ziren auzo batzuek tiro baten hotsa entzun zuten bat-batean. Muatz aldera begiratu zutenean, gizon bat iheska ikusi zuten, baina ezin izan zuten nor zen bereizi, ilun-muga baitzen. Lasterka joan ziren Muatza, eta etxeko gizona hilzorian aurkitu zuten. Erasotzaileak hiltzat utzi arren, artean bizirik zegoen gizarajoa. Azken hatsa eman aurrez, hiltzailea nor zen jakinarazi zien auzoei: “Semeak galdu nau”.

Joxe Tejeria zen gaiztagina. Donostiara jo zuen zuzenean, gertakarien unean kanpoan zela pentsarazi nahirik. Sebastopol izeneko etxean hartu zuen ostatu. Etxekoandreari eskaera bat egin zion: “Norbait nitaz galdezka atortzen bada, esango al diozu bi egun daramatzadala hemen?”. Susmo onik ez zion hartu izango ostalertsak: “Hortik inori kalterik ez badatorkio, bai”. Berehala aurkitu eta atxilotu zuten. Azpeitiko kartzelan eduki zuten urte eta erdiz. Tarte horretan, ihesaldi ahalegin bat ere egin zuen, baina harrapatu egin zuten. Donostian izan zen auzia. Epaia, latza: heriotza-zigorra. 1900. urteko urtarrilaren 14an urkatu zuten Joxe Tejeria, Azpeitiko Garmendi gainean. Egun euritsua izan arren, sekulako jendetza bildu zen bertara, 6.000 lagun inguru. 6.000 kristau.

.109 urte geroago, legezko heriotza-zigorrik ez dago mendebaldean. Epaiketarik gabeko exekuzioak asko oraindik, mozorro politikodunak eta bestelakoak. Azken horien artean, emakumeak biktima ia beti. Hildakoen senitartekoentzat zigorra inoiz ez da aski izango. Distantziaren beiraren bitartez begiratzeko suertea dugunon artean ere milaka dira bizi osorako kartzela zigorra eskatzen dutenak, eta ez gutxi heriotza-zigorraren aldarrikapena berritzen dihardutenak. Inork ez du gaizkilerik nahi auzoan, baina ez diezaiogun gizarteratzeko ahalmenik eta aukerarik uka gizakiari.