Beristain, ETBren lehen pilota partidan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko urr. 10a, 17:10

Duela 25 urte hasi zen ETB1 pilota partidak ematen, eta igande honetarako —urriaren 12rako— hori ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du; Donostian izango da, Atano III.a pilotalekuan. Hain justu, Juan Mari Beristainek jokatu zuen orain dela 25 urteko partida hartan. Joxean Tolosarekin aritu zen, Ladutxe-Nadal II.a bikotearekin aurka. 1983ko apirilaren 29an izan zen, Gasteizen, Ogeta frontoian. 11-22 galdu zuten Beristainek eta Tolosak. Jose Mari Iriondo izan zen ETBko esataria. Aspaldian Xabier Euzkitze ari da esatari; bi mila pilota partidatik gora eman ditu telebistan.