Liburuaren lehen alea zeini?

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2005ko urr. 30a, 19:10

Azpeitian ere bota berri dute ‘Obaba’ filma eta, hori dela eta, hona hemen pasadizo bat. Hau da, Bernardo Atxagak 1988an atera zuen ‘Obabakoak’ liburua, eta labetik atera berria zen ale batekin Asteasura joan zen, bere herrira, eta plazan zen mutil gazte bati esan zion: "Tori, Xabier, heuretzat lehen alea. Oraintxe irten dik inprentatik". Xabier Usabiaga zen mutil gazte hura; gaur egun aski ezaguna txirrindularitza eta kazetaritza munduan. "Zeinek jakin orduan liburuak zer oihartzun izango zuen gero… Ez dakit zergatik eman zidan neuri lehen alea. Ohorea da", kontatzen du Usabiagak. Ezaguna egin zen, bai, harrezkero liburua: 1989an Espainiako Literatura Saria jaso zuen, hamaika hizkuntzatara itzuli dute, eta aurten, filma. Pako Aristik oraintxe atera du bere azkeneko liburua: ‘Note Book’. Galdera kurioso bat: nori eman dio lehen alea? Eta ‘gure’ beste idazleek —Jose Luis Otamendik, Imanol Eliasek, Xabier Aldayk…— zeini ematen diote euren liburu berriaren lehen alea?