Andoni Bastarrika: "Nire sormena ateratzeko egiten ditut hondarrezko eskulturak"

Erabiltzailearen aurpegia ce532e0387344efdbef09c26275af7 2012ko mar. 7a, 20:49

Astearen hasieran Hondartzako artista gisa jo genuen azpeitiarra. Orain, elkarrizketa txiki bat egin diogu.

Noiz hasi zinen hondartzan eskulturak egiten? 

2011ko udan.

Zergatik? 

Hazia barruan neukan. Nire sormena ateratzeko aukera gutxi, eta nonbaitetik atera behar hori izan da akaso, zergatia.

Nolakoa da hondarrarekin lan egitea? 

Izugarria da hondarrarekin dudan harremana, hitzik egin gabe ulertzen gera, elkarlana etengabea da, guztiz bat eginda gaude eta hortik irteten dena biontzako eta denontzako da. Harreman horretan ez dago tentsiorik, ez dago banatzen gaituen parentesirik, ez dago kontra-ideiarik, ez dago agintaririk eta bere langilerik. Guztiz berdinak gara, errespetua eta maitasun sentsazioa da nagusi.

Non egiten dituzu hondarrezko eskulturak? 

Lehenenak Getariko Malkorben egin nituen. Arantxi eta gure bi umeekin hondartzara joaten nintzenean, haurrekin hondarretan jolasten hasi eta konturatu gabe eskulturak egiten bukatzen nuen. Handik denbora gutxira Zumaiako Itzurun deskubritu nuen eta, egia esan, erabat maitemindu nintzen leku horrekin. Bertan hasi zen benetako ikasketa; lan asko egin nituen. Gero negua heldu zen, eta Itzurungo hondartzak bere baldintza gogorrekin garbi esan zidan beste nonbaitera hobe nuela joan. Eta horrelaxe, nik lanak egiten jarraitu nahi eta gutxira Getarira joateko gogoa jarri zitzaidan, hasi nintzen lekura. Bertara joan eta egundoko oparia jaso nuen: 50 metroko zabalera eta metro eta erdiko luzera duen kalitatezko hondarrezko harresi bat prestatu zidan itsasoak. Udako hondartza sasoia hasi arte behintzat, badut hor nire lanak egiteko kalitateko materiala eta askatasuna.

Pasadizoren bat? 

Hasiera garaietan, Itzurunera hormari apoiauta grabitateari desafiatuz sekulako eskultura egiteko asmoarekin joan nintzen egun-pasa. Jo eta ke zazpi ordu pasatu eta nahi nuena lortu nuenean, azken ukitua egiten ari nintzela dena lurrera erori zitzaidan. Barnean sentitu nuen halako isiltasun astun bat... 
 
Zure irudiak sarean jartzen dituzu.

Bai, Facebook-eko nire orrian ditut argitaratuta, 'Andoni Bastarrika' izenean.