Ekainaren 10eko giza katea

550 laguneko langa gainditu du ekainaren 10eko giza katerako izen-emateak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gure Esku 2018ko mai. 29a, 10:31

Bi aste baino gutxiago falta dira Gure Esku Dagok (GED) plataformak ekainaren 10erako antolatu duen giza katerako, eta dagoeneko 500 herritarrek baino gehiagok eman dute egitasmoan parte hartzeko izena. Azpeitiko GED buru-belarri dabil antolakuntza lanetan, eta, besteak beste, argazkiak atera dizkio giza kateari babesa agertu dion hainbat herritarri .

Dena den, oraindik ere zabalik dago izen-emate epea, eta giza katean parte hartu nahi duten herritarrek GEDk Foru Ibilbidean zabaldu duen lokalean izango dute izena emateko aukera. Gainera, GEDk kaleratutako materiala ere eskura daiteke bertan. Astelehenetik ostiralera, arratsaldero, 17:30etik 20:00etara izaten da zabalik lokala. Astearteetan, goizez ere bai, 10:30etik 13:00etara; eta zapatu goizetan ere zabaltzen dute, 10:30etik 13:00etara.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu ekainaren 10ean erabakitzeko eskubidearen alde 201 kilometroko giza kateak, Eman eskua etorkizunari leloarekin. 100.000 bat lagun elkartzea da GEDn asmoa. Helburu nagusia lortzeko, Azpeitiari, Errezilekin eta Beizamarekin batera, Zumaia eta Getaria arteko bidean 2.000 lagun inguru batzea eskatu zaio. Beraz, behar den lagun kopuruaren laurdenak eman du izena gaur-gaurkoz.