Kriseiluen ekimenarekin bukatuko da Hitzarturen sinadura bilketa, martxoaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gure Esku 2016ko ots. 23a, 17:54

Herriko plazan bilduko gara 19:30ean, azken sinadurak zenbatzeko; eta, ondoren, ilusioaren suarekin piztutako kriseiluak aireratuko ditugu hala nahi duten herritar guztiekin batera. Kriseiluak dagoeneko salgai daude Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean 2,5 euroren truke. Eskuratu zuenak!

Urtarrilaren 16ak berri pozgarria ekarri zigun. Irudi ezin politagoak ekarri zizkigun. Desberdinen arteko elkarlanetik zetozen irribarreak oinarri zituzten argazkiak. Baina ez zen argazki eder horretara mugatu urtarrilaren 16an Soreasun egin zen ekimentxoa. Azpeitiarroi erabakitzeko aukera eskaini ziguten Soreasun bildu zirenek.

Azpeitiarren sostengua izatekotan, bertan bildu zirenek, ekainaren 12an independentziari buruzko galdeketa antolatzeko konpromisoa eskaini ziguten. Sostengu hori, herritarren %10aren sinadurak biltzeak islatuko luke.

Eta bai, Hitzartuko lagunek dagoeneko baieztatu digute. 1.500 sinadurak bildu dira. Nahiz eta aurkezpenean sinadurak biltzeko jarritako bi hilabeteak agortzeko asmoa agertu duten. Eta, beraz, sinadura bilketak aurrera darrai. Martxoaren 12ra arte izango dugu azpeitiarrok gure babesa eskaintzeko parada.

Beraz, martxoaren 12a egun garrantzitsua izango da. Eta duen garrantzia aitortuz, Azpeitiko Gure Esku Dagok ekimen berezi bat antolatuko du Hitzartuko lagunekin elkarlanean. Kriseiluen ekimenarekin bukatuko da sinadura bilketa. Herriko plazan bilduko gara 19:30ean, azken sinadurak zenbatzeko; eta, ondoren, ilusioaren suarekin piztutako kriseiluak aireratuko ditugu hala nahi duten herritar guztiekin batera. Herritarren unea iritsi dela irudikatuko dugu martxoaren 12an, borondatearen eta elkarlanaren argiak piztuta.

Ametsak. Egunero egiten dugu amets eta ametsek ere egunero egiten gaituzte. Ametsek ilusioa ematen digute eta ilusioek biharra eraikitzen dute. Amestu dezagun. Sutu ametsak. Piztu ametsak. Eta bai, martxoaren 12an, airera jaurtiko ditugu geroz eta gertuago egon daitezkeen amets eta desioak.

Kriseiluak dagoeneko salgai daude Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean 2,5 euroren truke. Eskuratu zuenak!