Izarraitz proiektua, 2023

Izarraitzeko proiektuaren barruan urteko azken lanak egiten ari da Antxieta arkeologia taldea; besteak beste, aztarna antropiko guztiak geoposizionatzen eta katalogatzen.

Urte honetako azken txanpara iritsi gara Izarraitzeko proiektu anitzaren barruan, eta etnografia atalari bultzada xumea emanaz bukatuko dugu aurtengoa.

Aztarna antropiko guztiak geoposizionatu eta bakoitza bere xehetasunekin katalogatzen ari gara, eta sinestezina da zenbat gauza dauzkan kontatu nahian gure mendiak.

Txabolak, itxiturak, txondarrak, bideak, zuhaitzak, eta beste gauza pila bat.

Ikerketa hasi genuenean ezin pentsatu, hainbeste alditan pasatu garen lekuetan milaka gauza egon litekeenik eta ohartu gabe geundenik, bertan zeudela, isil-isilik, betidanik.

Egon adi lagunok, kutxa oraintxe irekitzen ari gara eta joango gara kontatzen zer azaltzen zaigun, izarretako haitz honen txokoetan.

Laster gara berriro, berriketan.