Zestoako Amalda III haitzuloko 2023ko landa lan nagusiak, bukatuta

Bukatu ditugu 2023ko landa lan nagusiak Amalda III haitzuloan eta Zestoako Altzolarats bailaran bizi ziren Neanderthaletaz gero eta gehiago jakitea lortzen ari gara.

Lehenengo egunetan eguraldiak gogor erasotu zuen lantaldea, baina suposatzen dugu lehen gizon eta emakume haiek ere jasango zituztela horrelakoak eta txarragoak.

Gaur egun, 30 metroko eskalada bikaina daukagu kobara iristeko eta ez dakigu ziur lehen gizaki haiek nola moldatzen ziren hara heltzeko.

Printzipioz dauzkagun datuen arabera, haitzulo hori ez zuten ohiko bizilekua, kobara ustiatze lan berezi batzuetara etortzen zirela da gure hipotesia.

Joseba Riosen esanetan, oso haitzulo berezia da Amalda III eta oso okupazio intentsiboa du 55-60 mila urte bitartean orain industen ari garen IV. mailan, eta beherago ere jarraipena dauka, ehun mila urte arte, V. eta VI. mailetan.

Jaten zituzten animalien hezurrak gutxi azaltzen dira, baina nahiko fauna aberatsa azaltzen zaigu: basahuntza, sarrioa, oreinak, bobido handiak, eta otsoa eta felidoren bat ere bai, haragijaleen artean.

Erabiltzen zuten industria litikoa oso ugaria da.

Inguruko harri bolkanikoak erabiltzen zituzten gehienetan –vulcanita, lutita, ofita, kuartzita, basaltoa...–. Suharria nahiko gutxi azaltzen da eta hori oso arraroa da Euskal Herriko Erdi Paleolitoan.

Gehien erabiltzen zituzten tresnak laska handi oso zorrotzak, hendedoreak, bifazak eta ebakuntza ezberdinetarako erremintak dira.

Oso lan zehatzetarako erabiltzen diren tresnak dira, eta ehizerako egurrezko armak edo beste lan batzuetarako erremintak landuko zituztela da hipotesia.

Neanderthalek harria lantzeko erabiltzen zuten tekno-kulturari musteriensea deitzen zaio eta tekno-kultura horren barruan vasconiense deitzen zaion tipologia berezi bat erabiltzen dute.

Vasconiense deritzaion tipologia Euskal Herrian –ipar zein hego–, Pirinioetako eta Kantabriako zenbait lekutan nabarmen agertzen da.

Hipotesi hori F. Bordesek proposatu zuen eta ikertzaile batzuek nahiko onartua dute facies regional bezala.

Vasconiense horren erabilera oso agerikoa da Zestoako Amalda III haitzuloan.

Aurtengo landa lan nagusia bukatu dugu, baina oraindik urtea bukatzerako laginak hartzera etorri behar dute ikerlari pare batek eta Antxietakoak prest egongo gara laguntzeko.

Eskerrik asko Joseba eta Laura egiten duzuen lan bikainagatik, eta zuen jakinduria pazientzia handiarekin eta jator konpartitzen duzuelako.

Bejondeizuela, eta aupa Amalda!